Anopheles eltxoaren immunitate-sistema, agerian
2010/09/15 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Malariaren kontrako estrategia berriak diseinatze aldera, Marylandeko National Institute of Allergy and Infectious Diseases-ek Anopheles gambiae eltxoaren immunitate-sistema sakon behatu du ikerlan batean. Eltxo horrek transmititzen du gaixotasuna, gizakietan Plasmodium falciparum mikroorganismoa sartuta. Horretarako, baina, intsektuak berak immunea izan behar du. Hain zuzen, zientzialariek horixe ikertu dute, eltxoa nola immunizatzen den, alegia. Ondorioak Science aldizkariak plazaratu ditu.
Esperimentuan, eltxoak bi taldetan banatu, eta Plasmodiumekin kutsatutako arratoien odolaz elikatu zituzten. Talde bat laster kutsatu zen; bestea ez, ordea, bizkarroia haz zedin bero larregi egiten zuen gela batean izan baitzituzten intsektuak. Zazpi egunera, bi taldeak berriro elikatu zituzten odol kutsatuarekin. Bada, lehendik kutsatuta zeuden eltxoek “hamar aldiz hobeto” egin zioten aurre bizkarroiari; askok bizirik jarraitu zuten, kutsatuta ez zeudenek baino ugaltzeko gaitasun hobearekin, gainera.
Badirudi horren ardura granulozitoek dutela: ikerlariek ikusi zuten granulozito-kopurua hiru aldiz handiagoa zela aurrez kutsatutako eltxoen odolean. Granulozitoak immunitate-sistemako zelula batzuk dira, eta intsektuaren odolean zelula arrotzen bat detektatzean eraso egiten diote.
Granulozito-kopuru hori izateko, ordea, beharrezkoa da aurretik malariaren mikroorganismoarekin kontaktuan egotea. Izan ere, Plasmodiumek ahuldu egiten ditu eltxoaren hesteetako paretak eta, hesteetako bakterioek pareta zeharkatzen dute. Horrek granulozito gehiago sortzea eragiten du, eta intsektu horiek errazago egiten diote aurre bizkarroiari.
Hori egiaztatze aldera, ikertzaileek esperimentua errepikatu zuten, baina eltxoei hesteetako bakterioen aurkako antibiotikoak emanez. Aurrez kutsatutako eltxoen granulozito-kopurua ez zen hazi orduan; eta, ondorioz, hainbat intsektu hil ziren.
Zientzialariek diote eltxoak bizkarroiarekiko immuneak nola bihur daitezkeen jakiteak pista berriak ekartzen dizkiola malariaren kontrako ikerketari.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia