}

Hostoak, CO2a eta eboluzioa

2001/03/15 Elhuyar Zientzia

Landareak sortu eta lehenengo 40 milioi urteetan ez zuten hostorik izan. Ez zuten eta horren beharrik izan. Garai hartan atmosferan CO2 asko zegoen eta landareek ez zuten estoma askorik behar CO2 hori xurgatzeko (estomak landareek gas-trukerako dituzten poroak dira eta hostoetan izaten dituzte gehien). Zurtoin eta "koskor" berdeak besterik ez zuten.

Duela 380 milioi urte inguru atmosferako karbono dioxidoaren kantitatea jaitsi zenean, ordea, hostoen garrantzia eta beharra nabarmenagoa egin zen. Hosto- eta estoma-kopurua handitzean landareek CO2 gehiago har zezaketen airetik. Hau da, gutxiago egon arren, xurgatzen eraginkorrago bihurtu ziren. Baina horrez gain, estometatik ur gehiago lurrun zezaketen eta horrek landareen hozteko sistema hobea dakar berarekin; hots, toki beroagoetan ere bizi zitezkeen. Hostoetatik ur gehiago galtzeak lurretik ura ponpatzeko sistema hobea garatzea ere ekarri zuen berarekin. Eta azken horrek tamaina eta konplexutasuna areagotzea ahalbidetu zien. Landare-ekoizpena handitzeak animaliak ugaritzea ere ekarri zuen, agian.

Beraz, atmosferako CO2 urritzeak aldaketa nabarmenak ekarri zituen berarekin landareen itxura, tamaina eta animalien ugaritasunari dagokionez. Hala ere, fosil-erregistro on gehiago behar da aipatutako guztia baieztatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia