}

Hogei urte eta gero... hau

1995/01/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientziaren dibulgazioa egitera lehen aldiz ausartu ginenetik 20 urte pasatu dira jadanik. Denbora ez da ezeren truk igaro, eta egindakoaz harro bagaude ere, egiten segitu nahi dugula argitu nahi izan genuen. Urteotako bidea gogoratu eta aurrera jarraitzeko moduan gaudela frogatu nahi izan genion geure buruari. Koldo Mitxelena Kulturunean gurekin bildu zinetenak honen lekuko zarete.

Aurten lehen aldiz Elhuyar elkartearen ekimenez Zientzi dibulgazioarako Sariak antolatu dira. Idazle eta ikerlari berriei agerpidea eman eta zientziaren ezagutza gizarteratzea jotzen genituen helburutzat deia egitera ausartu ginenean. Alabaina, asmo hori handiegia izan zitekeela pentsatuta, laguntza bilatzen hasi ginen, jakina baita elkarlanean bakarka baino hobeto aritu kohi dela. Hortaz, Elhuyarren asmoa bideratzen lagunduko lukeen sostengua nahitaezkoa zela jakinda, Beasaingo CAF enpresara jo genuen.

Ezkerretik eskuinera: Andres Arizkorreta, CAFeko Zuzendaria; Inaki Irazabalbeitia, Elhuyarko Lehendakaria; Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria-ko Zuzendaria eta epaimahaikidea; Eustako Arrojeria Elhuyar. Zientzia eta Teknika adizkariko Zuzendaria; Jose Mari Rodriguez Ibabe, CEITeko ikertzailea eta Nafarroako Unibertsitateko irakaslea Donostiako Injineru Eskolan, eta epaimahaikidea; eta Unai Ugalde, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea Donostiako Kimika Fakultatean eta epaimahaikidea.
Ander Gillenea

Bere iharduera profesionalean bezala, euskararen normalizazioan ere goi-mailako jarrera duela erakutsi digu CAFek. Zientzia eta euskara uztartzen laguntzeko beti prest, Elhuyarren ametsa zena egia bihurtzeko oinarriak jarri zituen. Hortik abiatuta, elkarlanean hasi ginen urratsak ematen.

Egia aitortzen hasita, erronka berriaren aurrean beldur ginela esango dugu. Ausartzea bera nahiko apustu latza zen: Nolako oihartzuna izango ote du? geldetzen genion geure buruari. Lanak iritsi ahala lasaitzen hasi ginen, idazleek emandako erantzunak gure aurrikuspenik baikorrenak ere gainditu zituelako: 26 artikulu eta 4 liburu jaso genituen, gehienak kalitate handikoak.

Epaimahia azaroaren 17an bildu zen. Kideak hautatzea ez zen zereregin erreza izan. Zientzia eta teknologia, bi arloak orekatu behar zirela jakinda, dibulgazioaren oinarriak ezagutu eta puntako irizpideak finkatzeko moduko "izarrak" behar genituen. Lortutakoaz harro gaudela esateak ez digu aurpegiak gorrituarazten: urteetako eskarmentua duten eta ospe handikoak diren ikerlari, kazetari eta irakasleak aritu dira lanak baloratzen eta, eztabaida luze eta mamitsuaren ondoren sariak nori eman erabakitzen.

Abenduaren 1ean elkartu ginen Donostian guzti honen berri zuen aurrean emateko. Aukera ezinhobea suertatu zitzaigun aspaldiko lagun zahar ugari ikusi eta urteotan egindako bideaz patxadaz iharduteko. Hortxe bildu ginen Elhuyar elkarteko kide eta lagun zaharrak, proiektu honetara juntatu berriekin. Orain dela 20 urte aintzindari-talde hark erein zuen haziak fruituak ematen segitzen duela ikusi ahal izan genuen. Etorkizuna alez ale egiten ari garelako.

Guztiak sarituak

Elhuyar-CAF sariketara aurkeztu ziren lanak aztertu eta gero, gehienak saritzeko moduakoak zirela argi eta garbi ikusi zuten epaimahaia osatu duten kideek. Erabilitako hizkuntza ulerterraza zen kasu gehienetan eta, dakigunez, ezinbesteko baldintza da hau dibulgazioa egiteko. Honez gain, gaiak etorkizunerako duen proiekzioa eta gaurkotasunarekiko lotura saritu nahi izan ditugu; gurean zerbait izatea nahi badugu, zientziaren dibulgazioa oinarri hauetan eraki beharra dagoela uste baitugu.

Artikulu onenak

Hirugarren saria (25.000 pta.) Iban Zaldua Gonzalezek eskuratu du, "Teknologia berrien-harreraz: Papergintzaren hastapenak Hego Euskal Herrian (1755-1842)" izenburuko lanagatik. Epaimahiaren iritziz, papergintzaren sorrera aztertuta egileak gaurregungo egoera ekonomikoak eta teknologikoak hobeto ulertzeko bideak proposatzen ditu, garai hartako aldaketetan oinarrituta.

Liburu-mailan aurkeztutako lanetarik onena "Ugal estrategia: sexua joko ebolutiboan" izenburukoa suertatu zen. Epaimahaia osatu duten kideek ahobatez erabaki zuten Arturo Elosegi gaztearen ahalegina saritzea.

"Erremintarako zeramiko eta zermet direlakoen diseinu mikroegiturala" izeneko lan aurkeztu zuen Miren Gotzone Barandika Argoitia gazteak eskuratu zituen 50.000 pta, hots, artikulu-mailan bigarren saria. Kasu honetan, konposite deiturikko materialen ezaugarriak eta erabilpena errazteko bidea eskaini izanagatik suertatu zen saritua. Kontutan hartu zen, bestalde, Euskal Herrian bertan garatutako ikerlanaren emaitza dela, eta gaia ulertzen zaila izan arren, era dibulgatiboan burututa dagoela.

Ikuspegi zabal eta historikotik abiatuz, zientziaren tratamendu formalera iristen delako. Maila zientifiko aurreratua eta aurrera begira dagoela erakutsi duelako. Eta, azkenik, Euskal Herrian egiten den zientziaren adierazle zuzen eta zehatza delako. Izan ere, Taxolaren sintesiari buruzko lehen ikerketa garrantzitsuenetakoak EHUn egin dira eta horri lotzen zaio artikulu-mailan lehen saria eskuratu zuen lana: "Taxola: naturaren bi aurpegien adibide" . Honen egileari Jose Javier Gracenea Zapirain i, hain zuzen, 100.000 pta-ko "laguntza" eman zitzaion azaldutako bide horretatik lanean segi dezan.

Zeresana emango duten liburuak

Ondo hornitutako azterketa egin eta materiaren osagaiak era dibulgatiboan aztertu izanagatik Jose Antonio Legarreta Iztuetaren "Materia eta ber osagaiak" izeneko liburuak 50.000 pta-ko akzesita eskuratu zuen. Sarituak berak aitortu zigunez ez zen batere zeregin erraza izan: hasi teoria xinpleenetatik eta partikula konplexuenetarino, astuna gerta daitekeen gaia arintzea ei zuen helburua. Epaimahaiaren iritziz, maisuki lortu omen du.

Liburu-mailan aurkeztutako lanetarik onena "Ugal estrategia: sexua joko ebolutiboan" izenburukoa suertatu zen. Epaimahaia osatu duten kideek ahobatez erabaki zuten Arturo Elosegi gaztearen ahalegina saritzea, gai sakona eta era berean edonorentzat interesgarri izan daitekeelako. Ulerterraza izanik ere, puntako ikertzaileen jakinmina ere ase dezakeelako eta idazleak beraren ekarpenak bertan uztartu dituelako eskuratu zuen 600.000 pta-ko lehen saria.


Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia