Hilekoari lotutako migrainaren zergatia
2002/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hilero, emakume askok eta askok migraina izaten dute hilekoarekin batera. Jakina zen juxtu hilekoa hasi aurretik estrogeno-maila bat-batean jaisten dela eta hori migrainarekin lotuta dagoela. Zein da, ordea, estrogenoen eta migrainaren arteko erlazioa?
Horri erantzuteko, AEBetako Kansas-ko Medikuntza Unibertsitate Zentroko ikertzaileek saguekin egin dute lan, eta hanturarekin, odol-zirkulazioarekin eta zelulen arteko komunikazioarekin zerikusia duten 1.176 generen adierazpena aztertu dute. Horrela ikusi dute estrogeno-maila jaisteak saguen garunean Y neuropeptidoa adieraztea eragozten duela. Normalean, Y neuropeptidoa ugaria da migrainaren mina kokatzen den trigemino gongoilean, eta hipotalamoan ere badago. Bestetik, hipotalamoan migrainaren zenbait eragile kontrolatzen dira, hala nola, gosea eta egarria.
Dirudienez, Y neuropeptidoa gutxitzen denean, emakumeek ez dute behar beste janari eta likido hartzen, eta horrek migraina abiarazten du, beste eragile batzuekin batera, noski. Zalantzarik gabe, hilekoan migraina izaten dutenentzat terapia eraginkorra aurkitzeko baliagarriak izango dira ikerketaren emaitzak. Adibidez, Y neuropeptidoaren maila igotzea edo bere jarduera imitatzen duten botikak hartzea izan daitezke sendabideak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia