Hiesaren birus latenteekin infektatutako zelulak deuseztatzeko modu berri bat aurkeztu dute ikertzaile estatubatuar batzuek, Nature Communications aldizkarian.
Antirretrobiralekin hiesa tratatzea bizi osorako terapia da, neurri handi batean, zelula batzuetan birus latenteak ezkutuan gelditzen direlako. Izan ere, birus horiek ikusezinak dira immunitate-sistemarentzat eta antirretrobiralentzat. Beraz, birus-gordailu horiek deuseztatzea, pausu garrantzitsua litzateke hiesa erabat sendatzeko bidean.
Orain sortu duten antigorputzak birus latente horiek aktibatzen ditu, eta, aldi berean, immunitate-sistemako T zelulak bideratzen ditu zelula horiek deuseztatzera. Birus latenteekin infektatutako zelulek GIBaren proteina batzuk ekoiztea eragiten du antigorputz berriak, eta hala, immunitate-zelulentzat detektagarri bihurtzen ditu zelula horiek.
Hiesa duten gaixoei erauzitako zelulekin egin dituzte esperimentuak; eta tximinoetan frogatu dute tratamendu segurua dela, beraz, saio klinikoetan probatzea izango litzateke hurrengo pausoa.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.