}

Herio-loa

2002/06/03 Elhuyar Zientzia

Hiesak protagonismoa kendu dion arren, loaren gaixotasuna arazo larria da Afrikako toki askotan.

Inoiz izan dugu tse-tse euliak kutsatutako loaren gaixotasunaren kontrako planen berri. Baina planak plan, gaixotasuna indarraldian dago. Kontua da hiesa dela ‘modan’ dagoen eta protagonismo ia erabatekoa duen gaixotasuna, baina loaren gaixotasunak 300.000 lagunetik gora hiltzen ditu urtero (kopuru altuena 1930az geroztik). Gerrek eta horien ondorioz gertatzen diren gizatalde handien lekualdatzeek gaixotasuna toki berrietara hedatzen dute, gainera.

Osasun-arduradunen ustez, erietxeetan tratatzen duten gaixo bakoitzeko beste hiru daude tratatu gabe.

Azken ahalegina euli ar antzuak askatzea da. Ugandan astean milioi bat euli askatu nahi dituzte lau urtez. Ar antzuak emankorrak baino ugariago baldin badira, eme gehienek kopulatu eta arrautza antzuak errungo dituzte, hau da, ez dute ondorengorik izango eta eulien bidez kutsatzen den gaixotasuna desagertu egingo da, zenbait adituren ustez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia