}

Haurtzaroko parasitoak

1989/02/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Izenburu nagusi honen azpian egoera ezberdin asko bildu nahi dira, baina guztientzat ezaugarri amankomun batzuk nabarmenduz. Eta zeintzuk dira ezaugarri amankomun horiek?

Izenburu nagusi honen azpian egoera ezberdin asko bildu nahi dira, baina guztientzat ezaugarri amankomun batzuk nabarmenduz. Eta zeintzuk dira ezaugarri amankomun horiek?

  • Eritasun hauek, nahiz eta bizitzako edozein adinetan agertu ahal izan, haurtzaroan eta bereziki eskolan ezaugarri bereziak dituzte; kutsagarritasunari dagokionez batez ere.
  • Eritasun hauen sortzaileak parasitoak dira, h.d., beste norbaiten bizkar (kasu hauetan umearen bizkar) bizi diren izaki bizidunak. Normalean nahikoa handiak dira; begi hutsez ikusteko modukoak.

Zorriak

Zorriak aspaldiko gauza zirela pentsa daiteke, gaur egungo gizartearentzat desagertutako zerbait baliran. Zoritxarrez, duela zenbait urtetik hona parasito hauek nabarmen ugaldu dira. Ikasturtearen zenbait aro edo aldirekin kointziditzen dute ugalketa hauek; umeak oso maiz infestatzen bait dira intsektu hauekin, eta kutsapen-iturriak bestalde, jende asko egoten den lekuak bait dira.

Ezin pentsa daiteke gaur egun zorriak status sozioekonomiko apala duten lurraldeetako gauza bakarrik direnik; gizarte-maila guztietan hedatuak bait daude. Eta hortaz, ez lukete konplexu-arrazoi izan behar eta ezta erru-sentimendurik sorterazi behar ere. Baina, dena den, giza arazo bat bezala onartu beharra dago.

Parasito-motak


Zorriak hiru espeziekoak izan daitezke:

  • Buruko zorria (Pediculus humanus var. capitis)
  • Gorputzeko zorria (Pediculus humanus var. corporis)
  • Barrabiletako zoria (Phthirus pubis)

Bizitza-zikloa

Sexu-dimorfismoa dute: normalean zorri arrak emeak baino txikiagoak izaten dira.

Arrautzak erruten direnean, arrautza hauek (PARTZAK), 0,6-0,8 milimetrokoak, ileen sustraietan atxekitzen dira, uretan disolbaezina den masa edo ore baten bidez, eta horregatik era mekanikoz soilik banantzen dira. Arrautzak gauez erruten dira, ile-sustraian, larruazaletik 2 bat cm-ra. Arrautza bakoitza ile bati atxekitzen zaio.

Arrautzaren garapena kanpo-tenperaturaren baitan dagoerabat. 35-37ºC-ra, larbak 5-7 egun ondoren irteten dira. Tenperatura jaisten doan neurrian, egun gehiago behar dituzte larbek garatzeko (8-10 egun 25-30ºC-ra, eta 16 egun 22-24ºC-ra) eta 22ºC-z azpitik garapena eten egiten da. Hotzaldi honek zazpi egunetik gora irauten badu, arrautza ez da garapen-zikloa aurrera eramateko gai.

Larba, arrautzetik irten ondoren 2 astetan 3 muda jasan eta gero heldua da sexualki, eta odol-hartualdi bat egin ondoren prest dago arrautzak sortzen hasteko. Batezbeste buruko zorriaren bizitza-zikloak 20 egun irauten du, tenperaturaren arabera.

Zorri heldua hilabete bat edo bizitzen da. Bizitza teoriko hau, beti laburtzen da zertxobait; hilkortasuna handia bait da (hatz egiteagatik, orrazketagatik, etab). Zorri zahartu, gaixo edo hilak, burutik erori egiten dira.

Kalkulatu izan denez, buruko zorriak 150en bat arrautza jartzen ditu bere bizitza osoan zehar. Zorria parasito iraunkorra da. Baldintza egokietan (zorriarentzat egokiak direnetan, noski!), errundako arrautzetatik %60 zorri heldu bilaka daitezke.

Transmisioa, infestazioa (kutsapena)

Zorria, buruan (eta ileen artean bereziki) ezartzen da. Ilea asaldatu egiten da, lehortu, eta erortzera irits daiteke, emakumezkoetan bereziki; hauetan zoriak oso baldintza mesedegarriak aurkitzen bait dituzte (ile luzea, batez ere).

Zorriek odola zupatzen dute aldi luzetan. 15 eta 38ºC artean bizi daitezke, baina 40ºC-tik gora hil egiten dira. Bero hezeak, 60ºC-ra arrautzak desegin egiten ditu 15-30 minututan.

Buruko zorriak erraz pasaten dira ostalari batetik bestera eta elikagairik gabe (h.d. odolik gabe) gai dira hamar egunean irauteko. Kutsapen-iturriak, lehen-lehenik, pertsona asko batera kointziditzen duteneko lekuak dira (eskolak, haurtzaindegiak, kanpamenduak, etab.) Arreta berezia merezi dute eskola eta haurtzaindegiek; hauetan, beren jolasetan, umeak oso erraz elkar kutsa bait dezakete. Kapela edo antzekoen elkar-trukeak, orraziak eta jostailuak amankomunean erabiltzeak, etab.ek buruko zorrien hedapen azkarra dakarte.

Adinei begira, emakumezkoetan gehiago izaten dira gizonezkoetan baino (edozein adinetan). Baina umeak dira, batez ere, eta edozein garaitan, adoleszentzi bitartean gehien erasaten direnak.

Transmisioa, ZUZENEKO HARREMANEZ gertatzen da batez ere. Orraziak, gorroak, etab. amankomunean erabiltzeak ere kutsatzea errazten du. Burutik behera erortzen diren zorriak beti daude hilak edo lesionatuak eta ez dute, beraz, infestaziorako arriskurik.

Zergatik dira hain molestoak zorriak? Odola oso maiz zupatzen dutelako, eta ziztada hauek behin eta berriz errepikatzen direnean hazkura handia sortzen dutelako. Gehien zauritzen den lekua belarri-ingurua da; buruaren atzekaldea, lepondoa.

Pertsona bakoitzak sentikortasun ezberdina du: hatz egiterakoan inflamazioa (eta ondorengo bakterioengatiko infekzioa) hazi egiten da. Honek eta zorrien eskrementuek zarakarrak, oilaurrak eta zornejarioak sor ditzakete. Betileak erasaten direnean, konjuntibitisa ere ager daiteke.

Prebentzioa

Hazkura (gero eta handiagoa) eta hatz egitea izan daitezke zorrien lehen seinalea. Garrantzi handikoa da kutsapen-iturria ahalik eta lasterren aurkitzea infestazio gehiago gerta ez dadin.

Prebentzioaren aldetik honako puntuok bete behar dira:

  • Ilea, maiz txanpu normalaz garbitzea (astean 2-3 aldiz).
  • Ilea egunero ongi orraztea, tresna horiek ongi garbituz.
  • Umeen burua, astean behin edo bitan, ongi aztertzea partzak ikusiz; batez ere belarri atzeetan eta lepondoan.

Partzek larruazalera duten distantziak infestazioaren adina (edo zenbat egunetakoa den) adieraziko digu.

Familiako beste partaideak ere aztertzea komeni da.

Tratamendua, ordea, parasitoak ikusten direnean soilik egin.

Tratamendua

Lehen-lehenik esan dezagun komertzioan bi motako botikak daudela salgai: lozioak eta txanpuak. Lozioak denbora gehiagoz irauten dute ilearekin kontaktuan, arrautzetan duten sarrera-maila handiagoa da eta beraz arrautzak desegiteko ahalmen handiagoa dute. Txanpuak uretan eraginda badaude eta nahiz eta parasito helduak suntsitu, arrautzengan askoz ere eragin txikiagoa dute.

  • Piretrinak (naturalak, sintetikoak). Intsektuen aurka eragin handia eta toxikotasun txikia gizakiarentzat.
  • Malathion, cabaryl (lozioak dira). Ekintza bortitza duten arren (zorri zein arrautzen aurka) beren toxikotasuna ere handia da.
  • Lindano, DDT. Toxikotasun handia eta bestalde azken urteotan ikaragarri erabili direnez, hasi dira zepa erresistenteak agertzen. Arrautzen aurkako eragina ez da oso handia. Beraz, ez dira oso erabilgarriak.

Tratamendu egokia nola egin?

  1. Ilea ez litzateke lozioa eman aurretik garbitu behar; ilearen grasak lehengai aktiboaren finkapena erraztu egiten bait du.
  2. Lozioa ematerakoan, ilea eta larruazala erabat busti. Igurtzi suabe baina etengabe; batez ere belarri atzean eta lepondoan. Ondoren burua estali (bainu-gorro batez adib.), 6-8 ordutan mantenduz.
  3. Behin denboraldi horretan mantendu ondoren, ilea garbitu. Txanpu normala erabil daiteke, edo pedikulizida bat (zorri-hiltzailea).
  4. Txanpua buru osoan zehar zabaldu behar da, tokirik erasanenak ongi igurtziz. 5 minutuz mantendu behar da txanpua, urez eragin aurretik. Ondoren txanpuaren bigarren aplikazioa gomendatzen da.
  5. Ilea aklaratu edo irakuzteko, ura eta ozpina erabiliko dira (parte bat ozpin eta bi ur). Ozpinak, partzak ileetara itsasten dituen substantzia zementatzaile hori desegiten du.
    Ilea ur-ozpinez irakutzi ondoren, askoz errazagoa da partzak esku hutsez desitsastea (horixe da modurik egokiena).
  6. Ilea lehortzeko ez erabili lehorgailurik. Aire beroak ilea lehortu baina intsektizida hondatu egiten du.

Ilea orrazteko, zurda gogorreko (hobe metalezkoa bada) orrazia erabili behar da.

Tratamendua 3. eta 6. egunean errepikatu egin behar da (hiru aldiz guztira), partz biziak guztiz ezabatu eta suntsitzeko.

Orraziak, ilean jartzen diren apaingarriak, etab. 5-10 minutuz lozio intsektizida batean murgildu behar dira. Barneko erropa, toailak, oheko maindireak, etab. ur berotan garbitu behar dira.

Partzak hiltzeko nahikoa da 51,5ºC-ko tenperatura 5 minutuz mantentzea edo 49,5ºC 30 minututan. Zorriak, tenperatura zetxobait baxuagoan ere hiltzen dira. Bero hezea are eta hobea da. Horregatik, lurrinaz lisatzea (plantxatzea) gomendatzen da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia