Elhuyar zientziaren komunikazioa

Hau da planeta bat

2006/08/25 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Azken egunetan bolo-bolo ibili da: hamabi planeta izango ditu gure eguzki-sistemak ala zortzi? Eta zer gertatuko da Plutonekin?

Astronomoen Nazioarteko Batasunak Pragan egindako batzar orokorrean erabaki du gure eguzki-sistemaren sailkapen berria.
Astronomoen Nazioarteko Batasuna

Galdera horiei erantzuteko, planeta hitza ren definizio bat adostu behar zen. Eta, azkenean, Astronomoen Nazioarteko Batasuna k hartu du erabakia (Pragan egin duten batzar orokorrean). Planeta bat hiru baldintza hauek betetzen dituen zeruko gorputz bat da: bat, Eguzkiaren inguruan orbitatzen du; bi, masa nahikoa du bere grabitateak gorputz zurrunen indarrak gainditzeko, hau da, formak oreka hidrostatikoa (ia biribila) izateko; eta hiru, inguruko orbita ‘garbitu’ egin du.

Horrenbestez, zortzi planeta daude gure eguzki-sisteman: Merkurio, Artizarra, Lurra, Marte, Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno. Pluton , beraz, zerrenda horretatik kanpo geratu da: ez da planeta bat izango hemendik aurrera. Pluton eta planeta izatera deituak zeuden beste hirurak (Zeres, Karon eta 2003 UB313) planeta nanoak omen dira.

Planeta nanoa zer den ere definitu dute. Lau ezaugarri betetzen dituen zeruko gorputz bat da: bat, Eguzkiaren inguruko orbita du; bi, masa nahikoa du bere grabitate-indarrak gorputz zurrunen indarrak gainditzeko, hau da, formak oreka hidrostatikoa (ia biribila) izateko; hiru, ez du ‘garbitu’ inguruko orbita; eta lau, ez da satelite bat.

Planeta nanoetako hiru: Zeres, Karon eta 2003 UB313.
Astronomoen Nazioarteko Batasuna / M. Kornmesser

Planeta nanoak dira, beraz, Pluton, Zeres, Karon eta 2003 UB313 (izen egokiago baten zain); baina gehiago ere etorriko omen dira. Izan ere, planeta nano izateko hainbat hautagai daude (Sedna, Orkus, Palas, Higiea eta beste zortzi); eta, Eguzki-sistema miatzen doazen heinean, hautagai gehiago ere izango dira aurrerantzean.

Horrenbestez, bi definizio horiekin gure eguzki-sistemako gorputzak hiru taldetan sailkatu dituzte astronomoek: planetak, planeta nanoak eta eguzki-sistemako gorputz txikiak. Azken horiek Eguzkiaren inguruan orbitatzen duten gainerako gorputz guztiak dira (planeta, planeta nano edo planeten satelite ez direnak): asteroideak, kometak eta gainerako gorputz txikiak.

Itxura batera, behinik behin, planeten kontua argituta geratu da, beraz.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia