}

Hartz zuria arrisku gorrian

2000/10/24 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Desagertzeko arriskuan ez dagoen arren, aldaketa nabarmenak jasaten ari da hartz zuriaren egoera. Estatu Batuek eta Errusiak ugaztun handi hori babesteko bigarren hitzarmena sinatu berri dute.

Nahiz eta oraindik hartz zuria (Thalactos maritimus) desagertzeko arriskuan ez egon, mehatxupean bizi da. Bere ohituretan eta ugaltze-prozesuan eragin zuzena duten faktoreak dira, besteak beste, gizakia bere habitat-eremuan sartzea, legez kontrako ehiza eta poluzio kimikoak.

Lurreko ugaztun handienetako hori ikertzen dutenen arabera, mundu mailako tenperatura igoerak eragin zuzena du bere habitat eta ehizatzeko ohituretan. Jakina denez, Artikoko izotzak urtzen ari dira eta, beraz, hartzen habitat naturala murrizten doa. Gainera, izotz puska handiak hautsi eta bereizten direnean, hartzak beren jaki preziatuenetik urruntzen dira. Itsas txakurrak ehizatzeko aukera gutxiago dutenez, gosearen gosez, hartzek gero eta maizago erasotzen diote gizakiari. Adibidez, Ny-Alesund herrian, munduko iparraldekoenean, hartzen oldarraldi izugarriak direla eta, biztanleak ez dira etxetik ateratzen ehizako armarik gabe. Gainera, 60 biztanleek etxeetako ateak beti zabalik edukitzeko ohitura dute, erasotutakoan babeslekua arin topatzeko. Ez da nonbait irtenbide onena, hartzek ere etxeetara sartzen ikasi dutenetik, behintzat. Hala, iragan uztailean etxe batean sartu ziren hartzak hil behar izan zituzten.

Hartzaren arerioak

Hartz zuri helduen tamaina itzela izanagatik, animalia horrek ere baditu etsai arriskutsuak. Besteak beste, nahiz eta ez den maiz gertatzen, mortsa eta otsoek ehizatu izan dute. Bestalde, zabalduta dagoen ideia izan arren, hartz heldu arrek oso gutxitan hiltzen dituzte kumeak. Dudarik gabe, hartz zurien heriotza gehienen erantzule eta etsai nagusiak ehiztariak dira. Azken urteetan, urtero 1.000 bat buru hil izan dituzte, horietarik 600-700 ehiztari inuitek eta Kanadako indiarrek. Gaur egun, hartz zurien populazioa 20.000 eta 40.000 bitartekoa da, eta horietarik 15.000 Kanadan bizi dira.

Etsai horiez gain, hartzek badute beste arriskurik. Izan ere, hartz zuri asko hermafroditak dira, hau da, ugal organo arra eta emea dituzte. Ikerketa baten arabera, Artikoko Svalbard artxipelagoko 3.000 hartzetatik 36 dira hermafroditak. Geroz eta eme gehiagok penisaren forma duen eskrezentzia bat dutela ohartu dira adituak. Duela hamar bat urte agertu zen lehen hartz hermafrodita eta, gero eta gehiago izateaz gain, bitxia dena da hermafrodismoak gehienbat emeei erasatea. Datu horiek aztertuta, hartzen kasuan hermafrodismoa ez dela arazo genetikoa diote. Garai batean instalazio elektrikoetan erabili ziren poliklorobifeniloen isurketen ondorio zuzena omen da. Poluzio kimiko hori haizeak Europatik eramana dela uste da.

Ehizarako neurri zorrotzak

Kanadako Faunaren Zerbitzuak 1961etik ikertu du hartzaren ekologia, ezaugarri fisikoak ezagutu, mugimenduak kontrolatu eta poluzio toxikoak neurtzeko. Hala ere, animaliak babesteko nazioarteko lankidetza ezibestekoa da. 1965etik nazioarteko zientzialari talde batek Artikoko ikerketak eta animalien kudeaketa zuzentzen dihardu. 1973an, Kanadak, Danimarkak, Norvegiak, Estatu Batuek eta Errusiak hartz zuria babesteko Osloko akordioa sinatu zuten. Berriki lortu egin hitzarmenean, urtean zenbat eta zein arrazatako animaliak hil daitezkeen zehazten da; gainera, urtea baino gutxiago duten kumeak dituzten hartz emeak ehizatzea, eta ehizarako hegazkin eta tranpak erabiltzea ere debekatzen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia