}

Gupidaz emandako artsenikoa

1987/02/01 Barandiaran, Mariaje | Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Izenburu hau zuen pelikula, Frank Capprak zuzendutakoa eta Gary Grant-ek protagonizatutakoa, ikusterakoan algara handiak egin genituen. Gary Grant-en bi izebatxo xahar maitagarriek eskale eta behartsuak munduko sufrimentuetatik libratzen zituzten artseniko pixka baten bidez.
Txerriak hazteko artsenikoa ona omen!

Jendeak asko exageratu du artsenikoak hiltzeko duen ahalmenaz. Neurri handi batean arrazoirik ez zaio falta izan, zeren eta mendetan zehar pozoinik egokiena izan bait zen. Detektaezina zen eta pozointzaileak nahikoa gutxi behar izaten zuen (gramo laurdena baino gutxiago) bere asmoa betetzeko; biktima hiltzeko alegia. Artsenikozko pozoinketaren sintomak eta beste zenbait eritasunenak, oso erraz nahas daitezke. Gainera ematen erraza da. Artseniko zuria (Artseniko(III) oxidoa hain zuzen) izan da konposaturik erabilinea. Uretan ez da oso disolbagarria, baina ardotan nahasturik egoki egingo du lan.

Uste denez Alberto Haundia alkimista (1193-1280) alemanak aurkitu zuen artsenikoa. Ordutik hona, errege, aita saindu eta beste lagun xumeagoek artsenikoaren eragina pairatu behar izan dute. XVIII. mendearen erdialdean alkimiak kimikari bidea zabaldu zionean hasi zen artsenikoaren inguruko misterioa desagertzen. Kimika Analitikoan egindako aurrerabideei esker, 1830.erako artseniko-aztarnarik txikiena ere detektatzea posible zen. Artsenikoaren bidezko erailketen urrezko aroa bukatuta zegoen.

Pozoina baino zerbait gehiago

Egun artsenikoari buruzko eritziak aldatzen ari dira. Antza denez, artsenikoa beharrezkoa da animalien bizitzarako. Gainera, ez omen da lehen uste bezala azaleta birika-minibizien eragile.

70 kg-ko pertsona baten gorputzak 10 miligramo artseniko dauzka batezbeste. Gibela etengabe ari da elementu hau erauzten eta azido dimetilartseniko [(CH 3 ) 2 AsO 2 H] bihurtzen. Artsenikoaren konposatu metilatu honek, artseniko ez-organikoaren %1eko toxizitatea soilik du.

Napoleon handia artsenikoak eraman zuenaren susmoa dago.

Hartzen ditugun elikagaien bidez artsenikoz etengabe hornitzen ari gara gure gorputza. Artsenikoa oso hedatua dago ingurugiroan (zoruan, ur mineraletan eta itsasoan). Jaten dugun guztiak du artsenikoa, nahiz eta janari batzuk beste batzuk baino gehiago izan. Itsas animaliek, arrainek eta itsaskiek, artseniko-kantitate handi samarrak dituzte: ostrek 3,5 ppm (ppm= zenbat milioiren) artseniko dute, muskuiluak 120 p.p.m. izatera iritsi daitezke eta ganbak 175 ppm-ra. Ikusten denez organismo batzuk artseniko-kantitate politak metatzen dituzte gorputzean.

Animaliek ordea, beharrezkoa dute artsenikoa. Oilasko eta ahuntzekin egin diren azterketetan garbi ikusi da artsenikorik gabeko dieta zutenak mantsoago eta makalago hazi direla eta gainera ez direla tamaina normalera iritsi artsenikoa ematen hasi zaizkien arte.

Artsenikoa beharrezkoa zergatik den ez dago garbi. Hala ere, badirudi arrazoia arginina aminoazidoaren metabolismoarekin hertsiki lotuta dagoela eta zink eta manganesoarenarekin ere bai. Bestalde, ezaguna da artsenikoak hemoglobina-ekoizpena bultzatzen duela. Horrexegatik darabilte medikuek artsenikoa anemiaren tratamenduan.

Artsenikoa dosi txikitan, osasunerako kaltegarri ezik onuragarria da. Ur mineral askok, Vichi ezagunak esaterako, bere eragin sendagarriak artsenikoari zor dizkio ziurki. Medikuek artseniko-konposatuak eritasun asko (hala nola, erreuma, artritisa, asma, malaria, diabetea eta gaitz benereoak) tratatzeko erabili izan dituzte. Sifilisaren tratamenduan arrakastaz erabili zen lehenengo botika, Salvarsan ezaguna alegia, artseniko-konposatua zen esaterako.

Bestalde, artseniko-konposatuak hazteko animaliak erabiltzen dira. Baserritarrek "roxarsona" izeneko konposatua erabiltzen dute oiloak eta txerriak hazteko. Azken finean roxarsona azido 3-nitro-4-hidroxiartsenikoa da. Dena den kontuz erabili behar da konposatu hau. Animalia hil baino zenbait egun lehenago emateari utzi egin behar zaio, gorputzean metatu duen artsenikoa libra ahal dezan. Libraketa oso azkarra da eta egun gutxi batzuk barru ehunen artseniko-maila 1 ppm maila onargarriraino jaisten da.

Pozoina pozoin

Pertsona arrunt batek 100 mg artseniko hartzen baditu, lehenengo sintoma botagura da. Hau, hartu eta 15 minututara gerta daiteke edo 12 ordu geroago. Artsenikoa hartutakoan urdailean zenbat janari zegoenaren arabera agertzen dira sintomak. Tamalez, botaka beranduegi hasten da sendatzeko neurriak hartu ahal izateko. Ondoren agertzen den sintoma, beherakoa da. Hartu eta 12 ordura hasten da eta heriotzaz bukatzen. Odol-sistemara sartu den artsenikoak sortzen ditu arazorik larrienak. Gibelak bi egun behar ditu pozoina erauzi eta ezabatzeko. Normalean astirik ez du izaten 36 ordura heriotza sega eskutan duelarik datorrelako. Gizagaixo batzuk 96 ordu iraun izan dute minez.

Artsenikoa.

Artseniko(VI) oxidoa izan da pozointzailetan konposaturik erabiliena. Ia zaporerik gabea da, eta zaporea izanez gero, gozo xamarra da. Artseniko(VI) oxidoa ez da uretan oso disolbagarria, baina nahikoa da disoluzio asea biktimari pasaportea emateko. Ur-baso batean disolbatzen den Artseniko(VI) oxidozko kantitatea nahikoa da 10 bat lagunen bizia itzaltzeko.

Errege eta aita sainduek erabili izan dute artsenikoa eta aldi berean biktima ere izan dira, noski. Borgiar familia oso trebea izan zen artsenikoa erabiltzen. Alexandro VI.a, borgiar Aita Saindua, eta bere Cesare semea, artsenikozko pozoinketaren biktima izan ziren. Orduko gaizki-esaleek ziotenez, 1503.eko Abuztuan antolatutako festa batean beraiek beste gonbidatu batzuk pozointzeko prestaturik zeukaten janaria ustekabean jan omen zuten. Ondorioz Aita Saindua zenbait egun geroago hil egin zen eta Cesare bizirik atera zen. Iruñeko apezpiku izan zen Cesare eta Nafarroan hil zuten azkenean.

Hala ere, borgiarrak deus gutxi ziren beste zenbait pozointzailerekin gonbaratuz gero. XVII. mendean, marka guztiak hautsitako Toffana izeneko emakume bat bazen Sizilian. Aqua Toffana izenez ezagutzen zen edabe bat banatzen zuen eta beronen banaketarako sare izkutua antolatu zuen Napolin (Camorraren jatorria hor ote?). Esaten denez 500 lagun eta bi aita saindu luperatu zituen garaiz lehen.

Antza denez Napoleonek ere jasan zituen artsenikoaren ondorioak. Napoleon-en ileetan normala baino 13 aldiz artseniko gehiago aurkitu da. Hala ere, Napoleon artsenikoaren eraginez hil bazen ez dirudi pozoinketa kriminalaren ondorio izan zenik; ustekabeko pozoinketarena baizik. Santa Helenako etxean paret-paperean erabilitako tindakariak arsenikoa zuen.

Giro heze hartan lizun eta onddoak sortu ziren paperean. Onddoek tindakariekin erreakzionatu egin zuten artsenikoa xurgatuz, eta gero hau trimetilartsina konposatu hegaskor moduan eguratsean libratu zuten. Napoleon-ek trimetilartsina arnastu zuen eta azkenean hil egin zen. Napoleon eta bere zerbitzariak maiz agertu ziren kexu etxearen hezetasunak sortutako giroaz Santa Helenan egin zituzten sei urteetan.

Eta azkenik, artsenikoari buruzko kronika beltz honi amaiera emateko, mende hasieran Manchester hirian gertatutakoa kontatuko dugu. 1900-1901 urteetan 6000 lagun kaltetu zituen artsenikozko pozoinketa masibo batek. Hauetako 70 hil egin ziren. Garagardoa izan zen erruduna. Garagardoa egiteko glukosa beharrezkoa da eta kasu honetan glukosa hori artsenikoz kutsatuta zegoen. Glukosa hau azukretik lortu zen azido sulfurikoaren metodoa erabiliz. Zoritxarrez, erabilitako azido sulfurikoak %1,4 azido artseniosoa zuen. Azido sulfurikoan zegoen, artsenikoaren iturria; hau fabrikatzeko erabili ziren piritetan zegoen zeren eta hauek ohizkoa baino askoz artseniko gehiago bait zuten.

Kontuz! Ez zaitezte gehiegi maite ez duzuen lagunen bat garbitzeko artsenikoa erabiltzeaz pentsatzen hasi. Uzten dituen aztarnak erraz detektatzen bait dira!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia