}

Gripearen birus luzexkak, kaltegarriagoak

2002/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gripearen birus basatiek hari-itxura hartzen dute batzuetan; adibidez, duela gutxi Hong Kong-en izandako gripe izurritean ikusi dira itxura horretako birusak. Laborategian hazitakoak, berriz, esfera-formakoak izaten dira normalean.

Britainia Handiko Reading Unibertsitateko Wendy Barclay mikrobiologoak zuzendutako taldeak birusek itxuraren arabera zein alde duten aztertu du. Horrela, birusaren kanpoko geruzan dagoen M1 proteinaren 41. posizioan balinaren ordez alanina izanez gero, itxura luzexka hartzen dutela ikusi dute.

Antza, ezberdintasun txiki horrek proteina tolestatzeko eran eragiten du. Bestetik, badirudi hari-itxurako birusek ahalmen patogeno handiagoa dutela. Agian, horrela errazago zeharkatzen dituzte zelulen mintzak edo haiei itsasteko lagungarria da itxura hori. Nolanahi ere, ikerketa horien emaitzak baliagarriak izango dira gripearen aurkako txerto eraginkorragoak lortzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia