Elhuyar zientziaren komunikazioa

Globalizazioaren garaia; baita landareena ere!

2003/01/26 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Zer gertatzen da ekosistema batean berez kanpokoak diren espezieak sartzean? Ekosistemek sartze horiei aurre egiteko malgutasuna dute edo, aitzitik, iritsi berriek kalte konponezinak eragiten dituzte? Ezer berezirik galduko al da betiko? Axola al dio? Erantzunak bi muturretakoak izan daitezke. Azken finean, kasuan-kasuan aztertu behar da zein espezie zein ekosistematan sartzen den.

Cortaderia selloana kostaldeko orube, luberri eta ezpondetako nagusi bilakatzen ari da bertako landare kolonizatzaileen kaltetan.
Eneko Imaz

Espezieen sartzeak aipatzean animalien kasuak dira ezagunenak (karramarroak, bisoiak…). Baina landareak ere hor daude, eta asko ez dira santu-santuak. Elikatzeko edo apaingarritarako erabiltzen ditugun landare asko kanpotik ekarritakoak dira. Hainbat, ordea, erabilera horietatik ‘ihes egin’, bertakotu, eta batzuk inbaditzaile bilakatu dira.

Kanpoko landare-espezie gehienak urteko belarkarak edo ingurune eraldatuetara ondo moldatutako landare iraunkorrak dira. Eta gehienek ez dute arriskurik sortzen bertako floraren kontserbazioan. Dena den, badira tokian tokiko landareentzat oso arriskutsu bilakatu diren kanpoko landareak.

Bidaiak ugaritzeak, nazioarteko joan-etorriek, lorategiak eta lorezaintza ugaritzeak eta labore berriak sartzeak, esaterako, landare inbaditzaileak hedatzea errazten dute. Ingurunea eraldatzeak ere nabarmen errazten du landare arrotzak sartzea, oro har, eraldaketa handiak dituzten inguruneak errazago inbaditzen baitituzte. Gainera, mundu osoko arazo bihurtzen ari da, toki guztietan ari baitira ugaritzen landare aloktonoak; bereziki uharteetan (Zeelanda Berriko floraren % 50 arrotza da), klima onberako tokietan (EHko Kantauriko isurialdea, esaterako, tenperatura epel eta prezipitazio nahiko ugariekin), oso gizatiartuta dauden tokietan eta oso eraldatuta daudenetan.

Euskal Herrian, zehazki, ingurunearen eraldaketak duen garrantzia nabarmena da. Landare inbaditzaileak nagusiki non agertzen diren ikusi besterik ez dago: bide-bazterretan, luberrietan, lur mugituetan, ibai- eta erreka-bazterretan, kostaldean… Azken finean, bertako landare-komunitateek kalteren bat jasan duten guneez baliatzen dira inbaditzaileak.

Ezaugarri nagusiak

Buddleja davidii (goian) eta Reynoutria japonica (behean) batera agertu ohi dira ibai-bazterretan. Lehena aspalditik da ugariago bide-bazterretan lorategietan baino. Bigarrena erruz ari da ugaritzen azken urteetan, baita belardietan ere. (Beheko argazkia: Eneko Imaz).

Landare inbaditzaileen ikuspuntutik eraginkorrena azkar hazi, heldu eta hazi ugari sortzea da. Horrez gain, espezie aitzindariak izan ohi dira, jatorrizko lurraldean antzeko kliman bizi zirenak eta jatorrizko tokietako gaixotasun zein konpetentziarik gabe erruz ugaritzen direnak. Azken finean, jatorrizkotik urrun dauden lurraldeetan arrakasta izaten duten landareak bihurtzen dira inbaditzaile. Eta inbaditzaile bilakatzean tokian tokiko landaredia garatzea eragotzi edo desagerrarazi dezakete. Adibidez, Gipuzkoako ibaietan hainbeste ugaritu den Reynoutria japonica , itzalaz baliatzen da lehiakideak aldentzeko.

Inbaditzaileak EHn

Gaiari buruzko lehen ikerketa sistematikoa 1997an argitaratu zen. Han aipatzen ziren 236 espezietik 67 espezie komunitate natural edo erdinaturaletan finkatuta zeudela ikus daiteke; eta haietatik 11 arriskutsutzat sailkatu zituzten. Gerora, 2000. urtean 393 espezie exotiko aipatu izan dira eta horietatik 15 oso arriskutsu gisa sailkatu. 2001ean, Urdaibaiko biosfera erreserban, 111 landare-espezie exotiko aipatzen dira gaiari buruzko txostenean.

Kanpoko espezie galkorrak Euskal Herri osoan barreiatuta ageri badira ere, erabat bertakotuta dauden ia espezie guztiak Atlantikoko isurialdean daude eta, nagusiki, gune epelenetan ageri dira. Azken finean, klima onbera (nahiko prezipitazio ugari eta tenperatura epelak urte osoan) eta giza presio (luberri, errepide-bazter, orube… ugari daude) gehien duen isurialdean.

Asko dira EHko landare inbaditzaileak (lehengo zenbakiak ikusi besterik ez dago), baina argazkietako lau adibideak aipatuko ditugu. Cortaderia selloana oso ohikoa bilakatu da kostaldean. Jatorriz Hego Amerikakoa da eta lorezaintzan erabiltzen da, oso ikusgarria baita. Buddleja davidii Asiakoa da, jatorriz. Lore-multzo deigarriak ditu, oso egokiak lorazaintzarako. Oso hedatua dago. Horrekin batera, Reynoutria japonica -k indarrez inbaditu ditu ibai-bazter ugari, bereziki Gipuzkoan. Jatorriz Japoniarra da eta lorategietan erabili izan da. Sustrai-zatietatik birsortzeko gaitasuna duenez, oso erraz hedatzen da lur-mugimenduen ondorioz. Azkenik, sasiarkazia ( Robinia pseudoacacia ) aipatuko dugu. Zuhaitz hori, izatez, Ipar Amerikakoa da eta basogintzan erabili izan da, oso zura egokia baitu hesolak egiteko.

Irtenbiderik bai?

Ondo kontserbatutako paisaia dirudien arren, aurreko mendi-magalean sasiarkaziak dira nagusi, Europako zuhaitz inbaditzaile nagusia.
Eneko Imaz

Bai. Horretarako beharrezkoak lirateke araudi edo legedi egokia, inbaditzaile diren landareen aurka lan egitea eta, nola ez, landareekin lan egiten duten sektoreen kontzientziazioa eta lankidetza (basogintza eta lorezaintza, esaterako). Europan, AEBetan ez bezala, ez dago legedi berezirik landare exotikoen sarrera erregulatzeko eta are gutxiago inbaditzaile bihurtu direnei aurre egiteko.

Hala ere, zenbait tokitan, arazoaren larriak eraginda, hasiak dira landare horiek egozteko saiakerak egiten. Oro har, metodo mekanikoak (landareak suntsitzea), maneiuzkoak (abeltzaintza edo nekazaritzaren bidezkoak), biologikoak (borroka biologikoa) eta kimikoak erabiltzen dira. Hori bai, saiakera horiek saiakera huts izango dira landareen lekualdatzeak arautzen ez badira… edo sarrerako azken galderaren erantzuna ‘ez digu axola’ baldin bada.

7K-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia