Gizonezkoen antzutasuna
1993/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Mendebaldeko gizonezkoak orain dela berrogei urte baino antzuagoak dira. Espermaren kalitate eta kantitatea asko, % 50 batzuen arabera, jaitsi dira. Jende askorentzat joera honek arrazoi desberdinak izan ditzake.
Arropa estuegiak janztea da horietako bat. Ugal-organoak arropa estuz estalita badaude tenperatura handi samarrak egon daitezke bertan eta horren ondorioz espermatozoideak hil daitezke. Venezuelako altzairutegietako gizonezkoen artean dagoen antzutasun-maila handia (% 55ekoa zenbait kasutan) ere, beroari leporatu behar zaio.
Emakumezkoen elikadurak ere ba omen du zerikusirik; gero eta estrogeno gehiago barneratu eta umekiaren hormonetan metatzen baitira. Ahotik hartzen diren antisorgailuek, gorputzak estrogeno sintetikoak kanpora ditzan bultzatzen dute eta hauek uraren ziklora pasa daitezke.
Jateko ohiturek ere arazo honetan badute zerikusirik. Gantz gutxiko erregimenetan, estrogeno naturalak normalean baino gehiago zurgatzen dira, eta gantz askokoetan aldiz, errazago ezabatzen dira.
Zenbait espezialistarentzat, poluzioak ere badu zerikusirik arazo honetan. Besteak beste, difenil polikloratuak, erregaien errekuntzatik sortutako zenbait hondar eta detergenteak dira gehien aipatzen direnak.
Aziendak azkar hazteko erabiltzen diren estrogeno anabolizatzaileak dira gizakiengan izandako zenbait antzutasun-kasuren erantzule. Dena den, 1981. urteaz geroztik Europan debekaturik dago abereak estrogenoz haztea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia