}

Gizarte motonormatiboa gara

2023/02/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

gizarte-motonormatiboa-gara
Erresuma Batuan egindako ikerketa baten arabera, motonormatiboak gara. Alegia, normala, arauzkoa iruditzen zaigu motordun ibilgailuek hainbesteko garrantzia izatea gure gizartean. - Arg. Pixabay

Gizarte heteronormatiboa gara: normala, araua, heterosexuala izatea da; salbuespena, anormala, arauz kanpokoa, berriz, hortik kanpo dagoen guztia. Bat izan daiteke guztiz inklusiboa, LGTBIQ+ kolektibokoa eta nahi dena, baina gizartea bera, legalki eta kulturalki, heteronormatiboa da.

Bada, Erresuma Batuan egindako ikerketa baten arabera, motonormatiboak ere bagara. Alegia, normala, arauzkoa iruditzen zaigu motordun ibilgailuek hainbesteko garrantzia izatea gure gizartean, baita guk geuk ibilgailurik ez badugu ere. Jarrera horrek ondorio politikoak ditu, beste ezeri onartzen ez dizkiogun pribilegioak, arriskuak eta kalteak onartzen baitizkiegu ibilgailuei; bereziki, autoei.

Ikerketaren izenburuak hau dio, hitzez hitz: Motonormatibitatea: arau sozialek nola ezkutatzen duten osasun publikoko arazo nagusi bat. Eta adibide garbiak dakartza. Esaterako, erietxe bat egin behar denean, agintari bati galdetuz gero onargarria ote den erietxe berria eskuraezina izatea bost herritarretatik batentzat, denek argi dute erantzuna ezezkoa izango dela. Aldiz, galdetzen bazaio ea egokia iruditzen zaion hiriaren kanpoaldean egitea, ez du eragozpenik jarriko, ez baitu aurreikusiko batzuek zailtasunak izango dituztela hara joateko, ibilgailu pribaturik edo gidabaimenik ez izateagatik. Aitzitik, litekeena da pentsatzea abantaila bat dela, aparkatzeko tokia egongo delako. Ikertzaileen arabera, beraz, motonormatibitateak politika diskriminatzaileak dakartza.

Ikerketan, 2.000 boluntario inguruk parte hartu zuten, erdiak emakumeak eta beste erdiak gizonak; batzuk ibilgailua edo gidabaimena zutenak, besteak ez. Eta erantzun behar zuten zenbateraino zeuden ados zenbait adierazpenekin. Adibidez, galdetu zieten ea ados zeuden tabakozaleek leku oso jendetsuetan ez erretzearekin, gainerakoen osasuna babesteko. Gehiengoa oso ados zegoen horrekin. Aldiz, zigarroen kea autoenekin ordezkatu zutenean, ez zuten berdin erantzun; ez zitzaien onargarria iruditzen trafikoa mugatzea, arrazoi horrengatik.

Antzeko jarrerak aurkitu zituzten gainerako galderetan: beti ziren zorrotzagoak eta arrazionalagoak autoa ez bazegoen tartean. Nabarmentzekoa da autoa edo gidabaimena ez zuten boluntarioen erantzunak ez zirela besteenetatik aldentzen. Ikertzaileen esanean, horrek erakusten du zenbateraino dagoen barneratuta autoaren kultura gure gizartean.

Kultura horren geruzak ere aztertu dituzte. Lehena, eskala makroa da: komunikabideak, politikak, kontsumismoa... Gero, azpiegiturak eta legeak datoz. Horien ondotik, gidarien portaerak; eta, jarraian, etxekoenak eta gertukoenenak. Azkenik, norberaren biografia, txikitatik hasita.

Egitura oso batek bermatzen du auto-jabea eta gidatzea naturala izatea, neutroa, eta horrek zaildu egiten du autorik gabeko garraioa eta bizimodua irudikatzea. Beraz, ikertzaileei ezinbestekoa iruditzen zaie agintariak motonormatibitateaz ohartzea, eta, mugikortasunarekin zerikusia duten erabakietan, aintzat hartzea alborapen bat dugula, autoaren kalteekiko itsutzen gaituena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia