}

Gizakia eta tenia, aspalditik elkarrekin

2001/04/04 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Tenia zizare bizkarroiaren eboluzioa aztertu duen ikertzaile baten arabera, gizakiak transmititu zien txerri eta behiei duela 10.000 urte orain haiek guri pasatzen digutena.

Teniak ornodunen barne-bizkarroiak dira, hesteetan bizi dira helduak direnean eta, normalean, gaizki egositako okela bidez transmititzen da gizakietara. Teniak hermafroditak dira eta bizi-ziklo konplexua dute. Hasteko, zizare bat ez da ostalari berean jaio eta hiltzen. Tenia heldu bat 15 urte bizi daiteke behin betiko ostalariaren hesteetan, normalean kate trofikoaren goialdean dagoen ugaztun bat, gizakia barne. Teniak ipinitako arrautzak gorozkiarekin kanporatzen dira eta, belarrarekin batera, ugaztunen baten hesteetan amaitzen dute (txerria, untxia...). Baina bizkarroia ez da han heldutasunera iritsiko, ugaztun hori bitartekari hutsa baita. Arrautzek txerriaren edo dagokionaren hesteetako paretak zeharkatzen dituzte, odolaren bidez muskuluetara iristen da eta muskuluetan kiste bat sortzen dute. Kisteak muskuluetan segituko du behin betiko ostalari batek bitartekaria jan arte. Orduan, horren hesteetan zizare bilakatuko da.

Gizakia bezain zaharra

Tenia-espezie bat baino gehiago dago. Ezagunenak Taenia , Dibothriocephalus eta Echinococcus generoei dagozkie. Batzuek gizakia eta behiak kutsatzen dituzte, besteek gizakia eta txerriak, beste batzuek txakurrak zein untxiak, eta arrainetatik ornodunetara transmititzen direnak ere badaude. Familia zabala osatzen dute, beraz.

Estatu Batuetako Nekazaritza Saileko Eric Hoberg ikertzaileak hainbat tenia-espezieren anatomia ikertu du eta zizareen eboluzioaren gaineko teoria berritzailea argitaratu du. Beraren ustez, etxeetako txerri eta abelgorriek gizakiarengandik harrapatu zuten bizkarroia hiru aldi historikotan, eta ez alderantziz, orain arte uste zenez. Hau da, hominidoek aspaldidanik eduki omen dute tenia euren hesteetan eta azienda etxekotu zutenean, orain 10.000 bat urte, haiei transmititu zieten.

Eta hominidoei zeinek transmititu zien tenia? Gizakiak orain harrapatzen dituen tenia zizareen gertueneko ahaideak Afrikako lehoi eta hienak kutsatzen dituztenak dira, eta horiek, antilopeen haragiaren bidez jasotzen dituzte. Beraz, baliteke gure arbasoak ere antilopeak janez kutsatu izana, edo antilopeen edo beste animalien gorozkien bidez bereganatu izana. Are gehiago, antzinako hominidoak harrapariak bakarrik ez, harrapakinak ere baziren, eta agian haien bidez jaso zuten hiena eta lehoien arbasoek tenia.

Tenia nork nori transmititu zion argi ez badago ere, teniaren familia-zuhaitzak gizakiaren arbasoek zer jaten zuten erakuts diezagukeela adierazi du Hoberg-ek, baita haragia non eta noiz jaten hasi ziren argitzeko aztarnak eman ere. Izan ere, hominidoak haragia jaten orain 2 bat milioi urte hasi zirela uste da, Homo generoa agertzearekin batera. Baina hori ere ez dago batere argi.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia