Elhuyar zientziaren komunikazioa

Garunerako zelulak

1989/01/01 Etxeberria, E. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hainbat pertsonari beste pertsona baten giltzurrun, gibel edo bihotza transplantatu diotela sarritan entzun dugu eta ohituta gaude horretara. Baina zer esan garunaren transplanteaz?

Suedian Olle Lindvall-ek, Anders Björklund-ek eta Patrik Brundin-ek gizakien fetu-zelulak txertatu dituzte arratoietan.

Garun osoa transplantatzeaz hitz egitea gehiegitxo da, noski. Garunerako sarrera guztiak eta garunetiko irteera guztiak berriro konektatzea gaur egun gure ahalmenetik kanpo dagoen zerbait da zalantzarik gabe. Baina garuna ez da kaxa beltza . Sistematan zatitua dago, bere anatomiaren edo substantzia kimikoen edo bien arabera definituriko sistematan eta zeregin desberdinak dituzte sistema hauek. Gizakiaren garuna aztertzen diharduten zientzilariek aurrerapauso handia eman dute sistema hauen ulerkuntza eta berorien arteko elkarrekintzari buruzko ikerketetan. Beste gizakiengandiko zelulak transplantatuz aipatu sistema horiek konpontzea ez da gaur egun amets hutsa.

Iaz Txinan, Suedian eta Mexikon bati baino gehiagori transplantatu zizkioten giza garuneko zelulak Parkinsonen gaitzak sorterazitako kalteak sendatzeko. Baina orain arte operazio gutxi egin da eta horiei buruzko informazioa nahikoa sakabanatua dago. Izan ere, teknikak gizakiengan inolako onurarik duen ala ez oraindik ez dela ezagutzen esango bagenu, zientzilari gehienak baieztapen honekin ados egongo lirateke.



A) Giza enbrioietatik arratoira: giza enbrioiko ehun-zati bat erauziz, ikertzaileek arratoiaren garunean ezarri aurretik zelulak banandu egiten dituzte. B) Dopamina non dagoen ikusteko koloreztatua, txertaketa garunaren zati ilun batez agertzen zaigu. C) Txertatzen diren zeluletako zuntzak asko luzatzen dira hartzailearen garunean.

Beste metodo batzuen bidez trataezinak diren gaixotasun neurologikoak dituzten pertsonen aldetik, itxaropen-izpirik eskaintzen dien edozein gauza probatzeko izugarrizko eskea dago.

Zientzilari ikertzaileen ustez teknika hau laborategian animaliekin aztertu ondoren, ondorio logikoa litzateke gizakiengan aplikatzea. Mota honetako ikerketetan lortu diren emaitzek garunak berak sendatzeko duen gaitasunari buruzko hainbat mito hankaz gora bota dute.

Arlo honetan aurrerakuntzak gauza daitezen oztoporik nagusienak etikoak dira. Gizakiei egiten dizkiguten operazioetan prozedura berriak probatzeaz aparte, ehun-emailea nor izango denaren arazoa dago. Oraintsu egin berri diren transplante-ebaketetan abortaturiko giza fetutatik hartu dituzte beharrezko zelulak.

Zergatik dira hain bereziak enbrioitako zelulak? Hauxe da guztia: garuneko zelulek (pertsona helduen kasuan), nahiz bakarka edo nahiz multzoka egon, deskonektatzen badira bizirik ez irautea. Eta haurra jaiotzen den unerako bere garuneko zelulak helduak dira, hau da, ez dira gehiago zatituko eta dagoeneko espezializazio-funtzioak bere gain hartuak dituzte. Dirudienez, garuneko zelula hauek beste garun batera transplantatzean jasaten duten kolpeari aurre egiteko beharrezko duten malgutasuna beren garapenaren lehen estadioetan bakarrik dute.

Mila bederatziehun eta hirurogeitamargarreneko hamarkadan eta laurogeigarreneko hamarkadaren hasierako urteetan hainbat aitzindarik Britainia Haundian, Suedian eta EEBBetan egindako ikerketen ondorioz, nolabait esateko baldintza hau ezarri zuten: garunera transplantatutako zelulek oraindik hazteko gai izan beharra. Honek zera esan nahi du: adibidez arratoietan zelulak 13-18 eguneko enbrioietatik transplanta daitezkeela.

Zientzilariek zelulek bizirik iraun zezaketela frogatu zutenean, zerbait egiteko itxaropena ez zuten galdu. Talde suediarrek eta amerikarrek dopamina-sistemari (Parkinsonen gaitzean kaltetua gertatzen denari) ekin zioten. Gaixotasun hau dutenek beren mugimenduak kontrolatzeko izugarrizko zailtasuna dute. Hori mugimendua kontrolatzen duen zentruetako batek, “striatum”ak, ongi funtzionatzen ez duelako gertatzen da. Striatum-ak ongi funtziona dezan, garuneko dopamina-maila igo behar da. Dopamina-sistema hau kaltetua zuten pazienteen garunetan dopaminadun zelulak transplantatzea izan zen zientzilariek garatu zuten teknika, horrela kaltetutako substantzia berrezartzearren.

Arratoietan egindako esperimentuetan lortutako emaitzak arrakastatsuak zirela eta, Parkinsonen gaitza zutenentzat salbazioa aurkitu zela pentsatu zen. Arazo etikoak aireratzen hasi ziren garaian, Suedian bertako doktoreek beren lehen operazioetan hain eztabadagarri bilakatu ez zen zelula-iturria erabili zuten. Giltzurrungaineko guruinaren parte zentralak (muin deiturikoak) jariatzen dituen substantzia kimikoen artean, dopamina aurkitzen da. Arratoietan egindako esperimentuetan frogatu ahal izan denez, aipatu zelula horiek garunera transplantatzen badira dopamina-eskasiak sorterazten dituen arazoak konpon daitezke. Teknika honek badu, gainera, beste abantaila bat: pazienteek beren giltzurrungaineko guruinak eman ditzakete.

Mexikoko Inazio Madrazok zera aldarrikatzen du: giltzurrungaineko guruinetatik eta giza fetuetatik hartutako zelulak txertatuz, Parkinsonen gaitza arrakastaz tratatu duela.

1982. eta 1983. urteetan Stockholm-en Erik-Oloj Backlund neurokirurgilariak giltzurrungaineko zelulak txertatu zituen bi giza pazienteengan. Emaitzak etsitzeko modukoak izan zirela ikusirik, Anders Björklund eta kideek ikerketa-programa bati ekin zioten; enbrioiko zelulak lehen aldiz gizakiengan ezartzera zuzenduriko ikerketa-programari, hain zuzen.

Lehen pausoa, esperimentuetan abortatutako giza fetuen ehuna erabili ahal izateko erizpide etikoak finkatzea izan zen eta hori 1985. urterako egina zegoen. Brundin-ek, aipatu zientzilariaren kideetako batek alegia, berehala ekin zion lanari. Txertakuntza arrakastatsua izan zedin erizpideak finkatzeko, 6 eta 19 aste bitarteko enbrioietako zelulak ezarri zituen arratoien garunean, aurrez arratoi horien dopamina-sistemak alde batean kaltetuak izan zirelarik. Operazio hauetan ager zitekeen arazo bakarra, sistema inmunitarioak zelula horiek ez onartzea zatekeen. Brundin-ek esperimentuetako arratoien erantzun inmunea ezabatzeko A ziklosporina droga erabili zuen.

Bederatzi aste baino gehiagoko enbrioietako txertaketak ez ziren itsatsi, baina aste gutxiago zituztenak denak itsatsi ziren. Operazioaren ondoren, ondorio onuragarriak bi edo hiru hilabetera agertu ziren. Arratoi-zelulak izanez gero, askoz azkarrago garatzen ziren eta zelulak ezarri eta handik egun batera edo bira hasten ziren dopamina jariatzen.

David Marsden.

Mota honetako operazioek gizakiengan dituzten ondorioak baloratzerakoan, zera aurkitzen dugu: transplanteei buruzko eta berorien funtzionamenduari buruzko ia ezagutza osoa arratoietan oinarritua dagoela. Logikoa litzateke hurbileko espezieetan emaitza onak lortu arte gizakiengan ez aplikatzea. Baina tximino gutxi batzuk bakarrik jasan dute giltzurrungaineko muinaren transplantea.

Britainia Haundian, David Marsden (Londreseko unibertsitatean neurologi irakaslea) da Parkinsonen gaitzaren arloan pertsonarik adituena. Inolako eragozpenik sortzen ez bada, gizakiengan enbrioi-zelulen transplanteak egitea azken helburutzat izango duen programaren gidari da. Baina bere hitzak erabiliz “ herrialde honetan txertaketa hauek justifikatu aurretik, gizakien zelulak tximinoetan txertatzeak duen bideragarritasuna frogatu behar dugu ”.

Artikulu hau bukatzeko, teknika hauek gizakiengan aplikatzerakoan hiru galdera mardul egitea ebitaezina da: Segurua al da? funtzionatzen al du? eta moralki justifikatua al dago? Gaur eguneko ezagumenduen egoera kontutan hartuz, dirudienez erantzunak zein izango liratekeen jakitea ez da batere erraza.

Kaudatuan (Ca) eta putamenean (Pu) dopamina gutxiegi izateak Parkinsonen gaitzaren sintomak sorterazten ditu. Garun-zelulak transplantatzeak kaltea konpontzen lagun al dezake?

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia