}

Garuneko eskanerraren bidez, koman dagoena komunikatzeko gai ote den ikus daiteke

2010/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Garuneko eskanerraren bidez, koman dagoena komunikatzeko gai ote den ikus daiteke
2010/03/01 | Elhuyar
Owenek 2006an ustez erabat inkontziente zegoen emakume bati eskaner bidez jasotako irudiak. Garuneko jarduera desberdina zen emakumezkoari tenisean jokatzen edo etxe batean zebilela imajinatzeko eskatuta. Arg.: Owen et al./Science.

New England Journal of Medicine aldizkarian argitaratutako lan batean, koman daudenak zenbateraino dauden kontziente ikusteko modua dagoela frogatu dute neurozientzialari batzuek.

Ikertzaileak Cambridgeko Ezagutza eta Garun Zientzien Unitateko Owen neurozientzialariak abiatutako lanean oinarritu dira. Hain zuzen, erresonantzia magnetiko bidezko irudigintza funtzionalarekin, ustez erabat inkontziente zegoen emakumezko bat aginduak betetzeko gai zela frogatu zuen Owenek 2006an: eskanerrak jasotako irudiak oso desberdinak ziren emakumezkoari tenisean jokatzeko imajinatzea eskatzen ziotenean, edo etxe baten barruan zebilela irudika zezala eskatuta.

Lan hura Science aldizkarian argitaratu zuten, eta kontziente egotearen definizioa eztabaidan jarri zen. Ordutik, Owenek eta haren lantaldeak lanean jarraitu dute, eta 54 pazienteri jarraipena egin ondoren, koman dagoen inor kontziente ote dagoen jakiteko garuneko eskanerra baliagarria dela ondorioztatu dute.

Kasu batean, gainera, egoera begetatiboan bost urte daramatzan paziente batekin komunikatzeko gai izan dira. Eskaner bidez ezinezkoa denez pertsona bat bai edo ez pentsatzen ari ote den bereiztea, bai erantzun nahi zuenean tenisean jokatzen ari zela imajinatzeko eskatu zioten; kontrakoa adierazteko, berriz, etxean zebilela irudikatzeko. Gero, galdera errazak egin zizkioten, esate baterako, "Zure aitaren izena Alexander da?" Eta sei galderatatik bosti zuzen erantzun zien; seigarrena erantzunik gabe utzi zuen.

1
262
2010
3
008
Medikuntza
Albisteak
10

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia