}

Gaixotasun gehiago planeta beroagoan

2000/11/12 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


Konputagailuetako ereduek beroketa globalak eta horrek eragindako gorabehera klimatikoek osasun-arazoak ekarriko dizkigutela iragarri dute. Hainbat gaixotasun hilgarri, esaterako, malaria edo dengea, zabaldu egingo direla eta oldarkorrago bilakatuko direla.


Tenperatura altuagoek hainbat bidetatik eragin dezakete osasunean, batzuetan zuzenean eta besteetan zeharka. Bero kolpe latzagoak eragin zuzenen taldekoak dira, nahiz eta batzuetan iluntzean hozkirria ekartzen dutelako beti ez diren begibistakoak. Hala ere, konputagailuetako ereduen emaitzak ikusita, badirudi hemendik aurrera arratsean ere ez duela gehiegi freskatuko.Atmosfera etenik gabe ari da berotzen eta igoera nabarmenenak gauetan jazotzen ari dira, neguan eta 50 graduetatik gorako latitudeetan bereziki. Zenbait tokitan beroaren kausaz zuzenean hildakoen kopurua bikoiztu egingo omen da 2020rako. Bestalde, berotzeak luze jotzen badu, posible da hirietako smog poluitzailea biderkatzea eta alergia sortzen duten konposatuak barreiatzea. Bi faktore horiek, hain zuzen, arnas hodietako gaitzekin dute zerikusia.


Lehorte bortitzagoak


Beroketa globalak eguraldia hankaz gora jar dezake, eta lehorte zein uholdeen maiztasuna eta intentsitatea handiagotuz giza ongizatea mehatxatuko du. XX. mendean zehar ikusi da atmosfera beroago egin heinean eskualde idorretako lehorteek gehiago iraun dutela eta eurijasa bortitzak maizago gertatzen direla. Batak bestea eragin duenik ezin daiteke ziurtatu, baina gertaerak hor daude. Jendea goseak eta itota akabatzeaz gain, hondamendi horiek badute epe luzeagoan agertzen den bigarren ondorio larri bat, haien erruz infekzio-gaitzak berriz indartu eta zabal baitaitezke.


Azken ondorioa kezkagarria da oso, zaila baita hedatu den infekzio-gaitza berriz ere kontrolatzea. Lehenengo erasoan uholdeak edo lehorteak baino lagun gutxiago hilko ditu agian, baina behin komunitate batean errotu denean, oso maiz egiten dio aurre erradikazioari. Horrela, ingurura zabaldu eta izurritea eragin dezake.


Infekzio-gaitzak kontrolatzea are zailagoa da garapen bidean dauden herrialdeetan, prebentzioa zein tratamendua eskaintzeko baliabideak urriak baitira haietan. Lehen mundua ez dago, ordea, izurriteetatik salbu. Hain justu, joan den urtean Nilo Ekialdeko Birusa lehen aldiz agertu zen Ipar Amerikan eta 7 lagun hil zituen New York hirian. Urte bete igaro da geroztik, baina oraindik ez da birusa kontrolatzea lortu. Nazioarteko salerosketa eta bidaiak ohiko bihurtu dira gizarte modernoan eta munduko mutur batean agertu den infekzio-gaitza segituan bilaka daiteke beste muturreko arazo, patogenoak ugaltzeko ingurune mesedegarria aurkituz gero.


Dena dela, hirugarren munduko herrialde pobreak dira, oro har, kalamitate horien biktima ohikoenak.Bestalde, infekzio-gaitzak ez direnak ere kontuan hartzeko moduko arrisku-iturri izan litezke. Klima aldaketari lotutako lehorte eta uholdeen erruz, adibidez, uztak hondatzeaz gain, laboreak gaixotasunekiko sentiberago bilaka ditzakete edo horiek belar inbaditzaileen mendean utzi. Ondorioz, elikagaiak murritzagoak izango dira laboreentzat eta malnutrizioaren mamua esna daiteke. Aldi berean, jendea euren etxeetatik behin-behineko edo behin-betiko erbestera dezakete eta horrek beti dakar beste nonbait masifikazioa. Masifikoazioaren segidan gaixotasunak agertzea, tuberkulosia adibidez, eragotzi ezinezkoa da.


Eltxoen paradisua


Planeta berotu ahala, eltxoek kutsatutako gaixotasunak izango dira a priori gehien barreiatuko direnak. Adibidez, malaria, dengea, sukar horia eta zenbait entzefalitis-mota. Eltxoak ezaugarri meteorologikoekiko oso sentibera direlako gertatzen da hori. Infekzio-gaixotasunei begira, hotz handia gizakiarentzat mesedegarri da eltxoak urtaro eta eskualde zehatz batzuetara, tenperatura muga batetik gora dagoenetara soilik, murrizten baititu. Izozteek, esaterako, arraultza, larba eta eltxoak suntsitzen dituzte. Era berean, gehiegizko berotasuna hotza bezain eraginkorra da eltxoen aurka, aire beroagoan azkarrago ugaldu eta maizago ziztatzen duten arren.


Litekeena da beroketa globalarekin batera urarekin zerikusia duten gaitzek ere, kolerak besteak beste, gora egitea. Lehorteek edateko uren iturriak idor ditzakete batetik, eta bestela diluituak egongo liratekeen kutsatzaileak kontzentratu bestetik.Gainera, lehorte garaian ur garbia urria izaki, diarreak eta sukarra direla eta, likido asko galtzen duten gaixoen hidratazioa eta higiene egokia ezinezko bilakatzen da eta horrek arriskua areagotu egiten du.


Uholdeek bestela egiten diete mesede gaixotasunei: edateko uretaraino hondakin-urak eta han bizi diren patogenoak garraiatzen dituzte eta ongarriak ere bertara ditzakete. Zikinkeriaren, ongarrien eta berotasunaren babesean ugaltzen diren algak existitzen dira. Batzuek gizakiarentzat toxikoa den lurruna askatzen dute eta beste batzuek arrain eta itsakien bidez kutsatzen gaituzte. Berriki egin diren ikerketek gaixotzeko hirugarren modu bat aurkitu dute: algak, handitu ahala, zenbait patogenoentzat, hala nola kolera eragiten duenarentzat, euskarri bilakatzen dira.


Prebentzioa eta ardura


Arrisku potentzialen aurrean orain hartzen diren neurriek baldintzatuko dute neurri handian beroketa globalak nolako kaltea egingo duen osasunean. Proposatutako defentsa-neurrien artean bat infekzio-gaitzak suspertu bezain pronto detektatuko diztuten zelatariak martxan jartzea da.Baina halako bigilantzia-plan errealak ezartzea ezinezkoa da munduko leku gehienetan, eta bereziki pobreenetan, arrisku handiena dutenetan, alegia. Bestalde, gaixotasun batzuentzat txertoak eta tratamendu eraginkorrak badauden arren, behar gehien duten eskualdeek ez dute haiek eskuratzeko eta banatzeko baliabiderik. Puntu horretan, botiken ekoizleek ez dute asko laguntzen, gainera.


Beste aukera bat iragarpenak egitea da, hau da, zein baldintza klimatikotan zein gaixotasun hedatzeko arriskua egongo den aurrez kalkulatzeko modua asmatzea. Horrela, prebentzioa indartu ahal izango da. Azkenik, berotzearen beraren aurka lan egitea ezinbestekoa da, hau da, arduraz jokatzea osasunaz gain planeta kaltetuko duen aldaketa eragozteko.

Malaria eta dengea


Tenperaturak igo ahala, malaria eta dengea, eltxoek kutsatutakoak biak, izango omen dira gehien zabalduko diren gaitzak. Malariak hiu bat mila pertsona hiltzen ditu egunero, umeak gehienak, eta, zenbait ereduren arabera, XXI. mendearen amaierarako munduaren % 60 egongo da kutsatze-eremuan. Etorkizun beltza, malariaren kontrako txertorik ez dagoela eta patogenoa ohiko drogekiko erresistente bihurtzen ari dela kontuan hartuz gero. Malaria tropikoetatik iparraldera eta hegoaldera berriz ari da agertzen: Koreara, Europa eta Sobietar Batasun ohiaren hegoaldera, Hego Afrikako kostaldera itzuli da.

Dengea ere ez da atzean gelditu. Egun 50 eta 100 milioi pertsona bitartean daude gaixo tropikoen inguruko lurraldeetan, Ameriketan asko zabaldu da azken hamar urteetan eta Australiako iparraldean ere agertu da. Kasu honetan ere ez dago prest ez txerto ez eta tratamendu eraginkorrik ere. Dena dela, klima-aldaketari ezin zaio erru guztia egotzi; are gehiago, iragarpen horren kontra agertzen diren ikerketak ere badaude. Science aldizkarian argitaratutako batean, adibidez, eltxoek kutsatutako gaitzek bere horretan jarraituko dutela adierazi dute. Malariak 2050ean hartuko duen eskualdea orain duenaren oso antzekoa izango dela iragarri dute eta gaitza sufrituko dutenen kopurua % 1 besterik aldatuko ez dela; hau da, gutxi gorabehera munduko populazioaren % 45 izango da orduan ere. Tenperatura gaixotasunen eboluzioa baldintzatzen duten aldagaietako bat besterik ez dela esan dute eta ezin direla aldagai bakarrean oinarritutako iragarpenak egia osotzat jo.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia