Funtsezko zulo beltz bat detektatu eta haren masa neurtu dute Cambridgeko Unibertsitateko astronomoek Abell2744-QSO1 izeneko puntu gorri txiki batean. Eta, neurketaren arabera, zulo beltz hori milioika eguzki-masako gorputza da.
James Webb teleskopioaren ahalmenari esker egindako aurkikuntzak dira. Aurkikuntzak pluralean, teleskopio horren bitartez bi aurkikuntza izan direlako gai honi lotuta: batetik puntu gorri txikiak detektatu zituen lehen aldiz 2024an, eta, bestetik, puntu gorri txiki horietako batean funtsezko zulo beltza aurkitu dutelako.
Funtsezko zulo beltzak dira gaur egun gutxien ezagutzen diren zulo beltzak. Galaxien zentroetan dauden zulo beltz supermasiboak (milioika Eguzki-masakoak) eta izar baten heriotzak sortutako zulo beltz txikiak (10.000 Eguzki-masa arteko masa dutenak) ohikoagoak dira astronomoentzat. Haiez gain, zulo beltz ertainak ere ezagutzen dira. Baina funtsezko zulo beltzak gorputz erdi-hipotetikoak dira, eta, existituz gero, inork ez daki zer tamainakoak diren. Orain arte, behintzat, ez zekiten.
Orain, ordea, adibide bat topatu dute Cambridgeko astronomoek. Ustez, funtsezko zulo beltza da, eta milioika Eguzki-masa du. Unibertsoak 700 milioi urte besterik ez zueneko galaxia batean topatu dute.
Guillermo Roa Zubia
Kimikan doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea



