Fukushima inguruko arrainek osasunerako arrisku txikia dutela adierazi dute

2016/03/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Atuna ebakitzen, Tokioko arrain-azokan. Arg. Chris 73/CC-BY-SA-3.0

Japoniako Arrantza Zientzien Ikerketa Institutuko ikertzaileek isotopo erradioaktiboak aztertu dituzte itsasoko eta ur gezako arrainetan, eta ondorioztatu dute ez direla arriskutsuak kontsumorako, oro har.

Bost urte igaro dira tsunami batek hondamendia eragin zuenetik Daiichi zentral nuklearrean. Orduan, isotopo erradioaktiboen isuriak segurtasun-maila gainditu zuen. Geroztik, gainera, isuri txikiak izan dira noizean behin. Hala ere, cesio-134 eta cesio-137 isotopoen kontzentrazioa neurtuta, ikertzaileek baieztatu dute arrainetan isotopo horien maila jaisten joan dela etengabe, eta, kasu gehienetan, ez direla arriskutsuak giza osasunerako. Badira salbuespenak, ordea.

Hain zuzen, ikertzaileek ohartarazi dute ur gezako arrainak eta krustazeoak itsasokoak baino askoz ere kutsatuagoak daudela oraindik, bereziki, Fukushima ingurukoak. Hala ere, japoniarrek normalean arrain-haztegietan hazitako arrainak jateko ohitura dute, eta ez basatiak. Beste salbuespen bat hondoan bizi diren arrain handiak dira.

Edonola ere, ikertzaileek aitortu dute neurketa gehiago eta zehatzagoak egin beharko liratekeela kutsadura erreala eta izan duen bilakaera ondo ezagutzeko. Etorkizunean, gutxieneko muga txikiagoa duten detektagailuak erabiltzea aholkatu dute. PNAS aldizkarian argitaratu dute artikulua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia