}

Fisikari izan nahi zuen kimikaria

1998/05/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Avelino Corma kimikaria Castellón de la Planako Moncofar herrian jaio zen 1951. urtean. 1974. urtean kimikako lizentziatura lortu zuen Valentziako Unibertsitatean eta bi urte geroago doktoradutza Madrilgo Complutensean. 1987. urteaz geroztik Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko irakaslea da. Teknologia Kimikoaren Institutuaren sortzailea eta zuzendaria ere bada, eta bi urtez Kanadako Queen´s Unibertsitatean ere egin zuen lan.

Katalisiaren arloan ikerketa-talde bat zuzentzen du Avelino Cormak. Talde horretan sortutako hainbat katalizatzaile praktikara eraman ahal izan dira, eta gaur egun Cepsa eta Texaco moduko enpresen errefinategietan Moncofarreko ikertzailearen katalizatzaileak erabiltzen dira. Kimika-alorreko aldizkari ospetsuenetan (Chemical Review, Catalysis Review, Journal of Molecular Catalisys, Applied Catalisys, Journal of Catalisys aldizkarietan adibidez), maiz agertzen dira berak egindako lanak eta dagoeneko 300 ikerketa-artikulutik gora idatzi izan ditu. Zentzu berean, hiru liburu ere argitaratuak ditu: Catalyc cracking: Catalyst, chemistry and kinetics, The Role of FCC in the modern Refinery, eta Zeolites as catalysts in Petrochemistry and Refining izenburukoak.

Orain Iberdrola Saria jaso duen moduan, aurretik baditu beste batzuk, aipagarrienak 1995. urtean lortutako Dupont Ikerketa Saria eta Leonardo Torres Quevedo Ikerketa Sari Nazionala.

Iberdrola Sariaren bidez Avelino Cormak 12 milioi eraman ditu, eta beste 2 milioiko beka bat ere bai bere taldeko norbaitentzat. Fisika, kimika, matematika eta teknologia arloetako 58 ikertzaileren lanen artean hautatu dute Avelino Cormarena. Dudley Herschbach, Jean-Marie Lehn eta Anthony Hewish Nobel saridunek, Pedro Pascual “Ramon y Cajal” saridunak, George Basbas eta Peter Gölitz editoreek, eta Iberdrolako zuzendaria den Jaime Echevarriak osatu dute saria Cormari eman dion epaimahaia.

Aurrez aipatutako enpresez gain, Exxon, Unocak, BP eta Shell enpresen aholkulari ere bada aurtengo Iberdrola sariduna, eta harreman handia du Repsol eta Rhone-Poulenc moduko enpresekin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia