Fisikako Nobel Saria, grabitazio-uhinei behatzea posible egin dutenentzat
2017/10/03 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nobel Fundazioak iragarri duenez, Rainer Weiss, Barry C. Barish, eta Kip S. Thorne ikertzaileek jasoko dute 2017ko Fisikako Nobel saria, LIGO behatokia garatu eta grabitazio-uhinen behaketa posible egiteagatik.
2015eko irailaren 14ean lehenengoz detektatu ziren grabitazio-uhinak, Einsteinek iragarri eta 100 urtera, Estatu Batuetako LIGO behatokian. Erlatibitatearen teoria orokorrak dio gorputz batek bere inguruan dagoen espazio-denbora deformatu egiten duela. Bada, Einsteinek kalkulatu zuen, masa handiko gorputz batek azelerazio bat duenean, espazio-denboraren deformazio hori uhin moduan hedatzen dela Hori gerta daiteke, adibidez, bi zulo beltz edo bi neutroi-izar elkarren inguruan biraka hastean.
Grabitazio-uhinek argiaren abiaduran bidaiatzen dute unibertsoan zehar, eta euren jatorriari buruzko informazioa daramate. Hala, LIGOn detektatutako lehen uhin haiekin jakin zuten duela 1.300 milioi urte gertatutako bi zulo beltzen talkan sortuak zirela, eta 29 eta 36 eguzki-masakoak zirela zulo beltz haiek.
Grabitazio-uhinak Lurrera iristen direnerako oso ahulak dira. Einsteinek berak ez zuen uste inoiz detektatu ahalko zirenik. Eta gehienak ados zeuden horretan 1970 hamarkadan. Kip Thorne eta Rainer Weiss, berriz, konbentzituta zeuden lor zitekeela grabitazio-uhinak detektatzea. Eta, horretarako, laserrean oinarritutako interferometro bat diseinatu zuten. Interferometroak bi beso ditu L forman. Laser bat bi izpitan banatu eta izpi bakoitzari beso bakoitzean zehar aurrera eta atzera joanarazten zaio ispiluen bidez. Horrela, zehaztasun ikaragarriz neurtzen da muturretako ispiluen arteko distantzia. Hala, grabitazio-uhinek bi besoen tamainan eragindako aldaketak neur daitezke, aldaketa oso txikia izan arren (atomo baten nukleoa baino milaka aldiz txikiagoa).
Ideia sinplea zen arren, 40 urte behar izan ziren LIGO garatzeko (Laser Interferometer Gravitational-wave Observatory). Eta horretarako ezinbestekoa izan zen Barry Barishek emandako bultzada. 1994ean LIGO proiektuaren zuzendaritza hartu zuen, eta 40 pertsonako ikerketa-taldea milaka parte-hartzaileko nazioarteko lankidetza bihurtu zuen, mundu osoko adituak elkartuz.
2017ko abuztuan VIRGO detektagailua (Italia) gehitu zitzaion LIGOri, eta irailaren 27an iragarri zuten grabitazio-uhinen beste behaketa egin zutela biek batera. Laugarren behaketa zen LIGOrentzat.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia