Fields domina
1986/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
1936.ean eman zen lehen aldiz "Matematika-Nobela" esan ohi zaion Feilds domina. Sari hau John Charles Fields matematikari kanadarraren eskutik sortu zen Alfred Nobel-ek bere sari famatuen artean Matematikari lekurik eman ez ziolako. Batzuk diotenez, Mittag-Leffler matematikari suediarrak saria lor ez zezan utzi zuen Nobel-ek Matematika kanpoan, baina badirudi azalpen hau ez dela oso sinesgarria.

Fields dominak, dirutan eskasa izateaz gain, badu beste diferentzia handi bat Nobel-ekin: berrogei urtetik beherako matematikarientzat bakarrik da, arau hau idatzia egon ez arren. Lau urtetik lau urtera biltzen den Nazioarteko Matematikarien Kongresuak ematen ditu sariok; hasieran, bi ekitaldi bakoitzean, eta orain lau gehienez. Irabazle suertatu direnen artean izen ezagunak daude: Paul Cohen, Laurent Schwartz, René Thom, etab.
Joan den Abuztuan Berkeley-n (AEB) ospatu da XX. Kongresua eta bertan banatu dira azken hiru dominak. Hirurak Topologia eta Geometria Algebraikoan lan egiten duten matematikariei eman zaizkie: Gerd Faltings germaniarrak Mordell-en konjektura frogatu du, horrekin Fermat-en azken teorema hurbilago utziz; Simon K. Donaldson britainiarra eta Michael H. Freedman iparrameriketarra lau dimentsioko barietateen estudioan nabarmendu dira, leheneak barietate exotikoak daudela erakutsiz eta bigarrenak (beste gauza batzuren artean) Poincaré-ren konjektura lau dimentsiotan frogatuz.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia