}

Felix Goñik irabazi du Euskadi Ikerkuntza saria

2002/11/25 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia | Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Eusko Jaurlaritzak ikerkuntza alorrean ematen duen Euskadi saria Felix Goñik jaso du. Felix Goñi Nafarroako Unibertsitatean medikuntzan eta kirurgian doktorea da, eta EHUko biokimika-katedraduna eta Biofisika Unitateko zuzendaria da.
Euskonews Media, 166 zenbakia. www.euskonews.com .
Egilea: Estibaliz Ezkerra

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak biofisika molekularrean egiten ari den lana saritu nahi du, batez ere, zelula-mintzen fusioaren mekanismo molekularraren gaineko ikerketak. Hain zuzen, zelula-mintzen fusioan, lipidoen domeinuek eta fosfolipasa eta esfingomielinasa entzimen jarduerak duten eragina ikertzen ari da. Gainera, toxinak eta beste proteina batzuk mintzetan nola barneratzen diren ikertzen dihardu, eta bakterioen konjugazioan parte hartzen duten proteinekin eta proteinen egitura aztertzeko metodo kuantitatiboekin ere egiten du lan.

Ikerketa horien aplikazioen artean, osasun arlokoak daude; izan ere, hainbat gaixotasunen zergatia argitzen lagundu dezakete. Gaixotasun batzuk proteinen egituran aldaketak gertatu direlako sortzen dira, eta birus askoren infekzioak ulertzeko, berriz, birusaren eta zelularen mintza nola fusionatzen diren jakin behar da.

Felix Goñik ikerketa ugari zuzendu ditu hainbat unibertsitatetan; hala nola, Nafarroan, Santanderren, Londresen eta Kanadan. Gainera, zientzia-elkarte batzuetako kide ere bada: Espainiako Biokimika eta Biologia Molekular Elkartekoa, Espainiako Biofisika Elkartekoa, Erresuma Batuko Biokimika Elkartekoa eta AEBetako Biofisika Elkartekoa eta Biokimika eta Biologia Molekular Elkartekoa.

Euskadi Ikerkuntza saria 1996an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herrian eragina duten ikerketa-lanak sustatzeko eta zabaltzeko asmoz. Aipatzekoa da Felix Goñirekin batera beste 14 hautagai zeudela eta epaimahaiak aho batez hartu zuela hura saritzeko erabakia.

Saria 36.060 eurokoa da, eta datorren urtearen hasieran emango diote.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia