Euskara eta ingelesa, makulurik gabe

2007/09/01 Etxeberria Otaegi, Elixabete - Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak Iturria: Elhuyar aldizkaria

Elhuyar Fundazioko Hizkuntza Zerbitzuen eta Elkar argitaletxearen eskutik, euskara eta ingelesa parez pare jarriz osatutako hiztegia kalean izango da ikasturte berriarekin batera.
Euskara eta ingelesa, makulurik gabe
2007/09/01 | Etxeberria Otaegi, Elixabete | Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak
Neurriak: 10,90 x 17,50 cm. Salneurria: 21,80 a .
-

Ingelesa komunikazio-hizkuntza garrantzitsua da gaur egun gizarteko hainbat alorretan. Euskal Herrian, euskara, gaztelania eta frantsesaren ondoren, 'laugarren hizkuntza' dugula esan dezakegu. Egoera horrek ingelesa hezkuntza-curriculumetan txertatzea ekarri du berekin, hala nola norbanako asko bere kabuz edo ikastetxeetan ikastera bultzatu ere. Lan-munduan eta bizitzaren edozein alorretan ere ingelesa ezinbesteko hizkuntza bihurtu dela ez dago zalantzarik.

Orain arte, ingelesa ikasten edo lantzen aritu izan diren euskaldun askok gaztelaniaren edo frantsesaren bidez bideratu izan dute ingelesarekiko harremana. Sarritan, ingelesezko hitz edo esapide baten informazioa nahi denean, gaztelaniazko edo frantsesezko hiztegietara jo izan da. Mentalitate- eta ohitura-aldaketa bat beharrezkoa da ingelesetik euskarara (eta alderantziz) bide zuzenetik joateko aukeraz jabetzeko; baina, hori gerta dadin, euskara-ingeles hiztegiak behar dira.

Hizpide dugun hiztegi honen bidez, alor horretan dagoen aukera ugaritu eta hobetu nahi dugu Elhuyar Fundazioko Hizkuntza Zerbitzuek eta Elkar argitaletxeak. Aurrerapen anitz eta sakonak egin dira azken urteotan euskarazko hiztegigintza elebidunean, eta ezin genezakeen horietatik kanpo utzi euskara-ingeles hiztegien alorra.

Euskaldunok ingeleserako jauzia egiteko erdararen makulua behar ez izatea, ingeleserantz euskaratik eta euskararen bidez abiatzeko tresna bat izatea da hiztegi honen eginkizuna.

Euskararen eta ingelesaren oinarrizko lexikoa eta eguneroko hizkeran gehien erabiltzen diren hitz teknikoak jasotzea du helburu hiztegi honek, eta hori bi ataletan: euskara-ingeles atala eta ingeles-euskara atala. Bi atalen artean 34.000 hiztegi-unitate, 50.000 adiera eta 12.000 adibide inguru izango ditu. Horrez gain, baita munduko leku- izenak eta herritarren izenak eta beste hainbat gai barne hartzen dituen 25 orrialdeko eranskina ere. Hori guztia 840 orrialdetan bildua.

Hiztegi erabilgarria, argia, oharrez hornitua, erabiltzailearen beharrei erantzungo diena egitera bideratu dute egileek beren ahalegin guztia.

Etxeberria Otaegi, Elixabete
2
234
2007
9
042
Elhuyarren berriak
Elhuyarren berriak
61