Euskadiko IBM Quantum ordenagailuaren ahalmen konputazionala oassungintzan aplikatzea lehenetsi du Eusko Jaurlaritzak. Zehazki, alzheimerra tratatzeko etorkizuneko sendagaietarako itu terapeutiko berriak identifikatzeko erabiliko dute, elkarlanean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak (Biobizkaiaren bitartez), Osakidetzak eta IBM Cleveland Clinic-ek, elkarrekin osatu duten nazioarteko aliantzaren baitan.
«Ordenagailu kuantikoari esker, datu biologikoen kopuru handiak prozesatzeko eta aztertzeko aukera izango dute»
Hain zuzen, alzheimerrean milaka gene eta prozesu biologikok parte hartzen dute, eta metodo informatiko tradizionalekin oso zaila da haien arteko elkarreragin guztiak aztertzea. Ordenagailu kuantikoari esker, datu biologikoen kopuru handiak prozesatzeko eta aztertzeko aukera izango dute.
Biobizkaia institutuko lantaldea itu terapeutikoak identifikatzeko eta ondoren garun-organoideetan baliozkotzeko algoritmo kuantiko prestatzen ari da. Garun-organoide horiek pazienteen zeluletan oinarrituta daude, eta, beraz, aproposak dira tratamendu pertsonalizatuak egiteko. Era berean, laborategian lortutako informazioa baliagarria izango da algoritmoak berrentrenatzeko eta hobetzeko.
Alzheimerrarekin hasi diren arren, algoritmo horiek beste gaixotasun batzuetan erabiltzea ere aztertuko dute.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



