Europa belaki gainean eraikia dago

1991/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela 160 milioi urte, belaki- edo esponja-multzo handiek oraingo Europaren zati handi bat estaltzen zuten. Belaki edo materia organikoz elikatzen diren animalia primitibo hauen fosilak aztertzen ari dira ikerleak.

Duela 160 milioi urte, belaki- edo esponja-multzo handiek oraingo Europaren zati handi bat estaltzen zuten, Australiako Perth-eko Joe Ghiold zientzilariak dioenez.

Belaki edo materia organikoz elikatzen diren animalia primitibo hauen fosilak aztertzen aspaldian ari dira ikerleak. Baina bakoitzak bere aldetik egin ditu azterketak eta paleontologi puzzle handi honen piezak mundu guztian sakabanaturik egon dira. Ez zuten pentsatzen belaki hauek 2.900 kilometroko arrezife ikaragarria osatzen zutenik.

Ghiold jauna 1980. urtean Polonian hasi zen bere ikerketak egiten eta 1986-88 bitartean disziplina desberdineko zientzilari-talde bat aritu zen lanean. Helburua arrezifearen arrastoei jarraitu eta bere mugak finkatzea zen. Gaur egun badakite belakizko arrezife hori Iberiar Penintsulako hego aldean hasi eta Frantzia, Suitza eta Alemanian barrena Errumaniaraino iristen zela.

Arrezifea Jurasikoan hasi zen osatzen, orain dela 150-170 milioi urte. Sakonera txikiko ur epeletan garatu ziren espezie desberdineko belakiak.

Jurasikoaren amaieran, belakiak hil egin ziren uren maila jaitsita. Belakien hondakinak bertan geratu eta korala garatzen hasi zen.