Estatu Batuetako automobil-azokako materialak
1986/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Plastikoak urtu eta zeramika hautsi egiten direla gauza jakina da. Hala ere, Estatu Batuetako Detroit hirian egin berri den Automobil-azoka batean, material hauetaz eginiko bi motore aurkeztu dira.
Plastikozko motorea Indianapoliseko lasterketa famatuan korritzeko diseinatua dago eta 2,6 litroko turbo motorea da. Amoco Chemicals Corp. eta Polimotor Research Inc. industrien artean burututako motore honek, Torlon izeneko plastiko batez eginiko piezak dauzka. Hauetako batzuk, segmentoak, pistoaiaren bielak eta balbulen zurtoinak dira. Motorearen blokea eta kulata, karbono-zuntzez indartutako plastikoz eginak daude.
Nahiz eta plastiko hauek oso onak izan, ezin dute erreketa-ganbarako beroa pairatu. Beraz, burdinurtuzko zilindroak, altzairuzko balbulak eta aluminiozko pistoi-buruak dauzka.
Bigarrenez, Kyocera Corp. Konpainia japoniarrak eginiko zeramikazko motorea daukagu. Hauek lau zilindrozko diesel turbomotore bat eraiki dute. Honetan, pistoiak eta zilindroak zeramikazkoak dira. Zeramikek tenperatura altuak arazorik gabe pairatzen dituztenez, diseinatzaile japoniarrek ez dute motorearentzako hozte-sistemarik diseinatu behar izan.
Bestalde Nissan etxe japoniarra, zeramikazko turboa izango duen lehenengo automobil komertziala kalean jartzekoa da aurki. Turbo honen errotorea silizio nitruroz (Si3N4) egina dago, nikelezko aleazioaz egina egon ordez. Errotorea arinagoa denez, beronen inertzi momentua %35 jaitsi da. Erantzun malguagoa lortzen da horrela, eta ondorioz, azelerazioaren handiagotze ikaragarria.
Errotorea estrusioz moldeatzen da lehendabizi, labean sartzen da ondoren eta azkenik akatsik baduen ikusteko X izpiez aztertzen da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia