Espazioko teknologia testu zaharrak irakurtzeko
2001/04/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Kristo aurreko 79. urtean, Ponpeia errautsen azpian hartu zuen Vesuvioren erupzioak garai hartako eskuizkribuak ere erre zituen. Testu horiek deskodetzen lan egiten duten adituek denbora asko behar izaten dute belztutako papiroetan hitzak antzemateko.
Izan ere, labak Julio Cesarren aitaginarrebaren etxean aurkitutako papiroak bere horretan utzi bazituen ere, 1750ean, lehenengo aldiz ikusi zituztenean, ikatz-pusketak zirela pentsatu zuten. Gero, izkribuak zirela jabetu ziren arren, orriak bata bestetik banatu behar izan zituzten.Lan luzea eta zaila izan zen eta, horretarako, gai kimiko korrosiboak eta zerrak erabili zituzten. Napoliko museoan 1.700 izkribu inguru daude bananduta eta gordeta, baina tinta beltzez idatzitako hitzak ia ezin dira antzeman belztutako azalean; beraz, oso papiro gutxik utzi dituzte agerian beren sekretuak.
Orain, ordea, 2.000 urte baino gehiago duten testu horiek irakurtzeko, NASAren teknologiaren laguntza dute ikertzaileek. NASAk planeten azaleko mineralak ikertzeko asmatu zuen argi bidezko irudien argazki-sistemari esker, idatziak argi eta garbi azaltzen dira. Irudiak lortzeko, papiro bakoitzaren argazkiak ateratzen dira. Horretarako, argi-banda mugatzeko, goi-teknologiako kamera digitalaren lenteetan iragazkiak sartzen dira.
Argazkilariek aspalditik erabili dituzte iragazkiak nahi ez dituzten irudiak iragazteko, baina sistema hori eraginkorragoa da. Sarritan, infragorria erabiliz lortzen dituzte emaitza onenak, argi horrekin tinta distiratsuago azaltzen baita.
Irudi-sistema multiespektrala Jordaniako eliza bizantziar batean aurkitutako testu erlijiosoak deskodetzeko erabili izan da, baita Mexikoko tenplu azteka bateko muralen azpian idatzitakoa antzemateko ere. Orain Filodemo poeta eta filosofoaren liburutegiko testuak irakurtzeko ari dira erabiltzen, eta Brigham-eko Unibertsitateak Vatikanoan gordeta dauden antzinako testuak aztertzeko asmoa du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia