Eroale organikoa

1987/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientzilari britainiar batzuek, lehenengo eroale ez-metalikoa aurkitu dute. Eroale honek bi dimentsiotan zehar eroaten du zero aboslutuaren ingurko tenperaturan. Honelako metal molekularrak ordenadoreen osagai magnetiko eta elektrikoen kostua asko merka dezake.

Orain arte prestatu izan diren metal molekularrek, norabide batean zehar bakarrik eramaten dute elektrizitatea. Material hauen molekulak, oso ondo ordenatutako ilaratan pilatzen dira. Molekula bakoitzak ahul lotutako elektroi-sistema bat dauka. Molekulak pilatzen direnean, elektroiak gainjarri egiten dira pilaketaren norabidean. Hauxe da aipatutako molekulen eroaltasunaren arrazoia. Metalen antzeko egitura sortzen zaie horrela. Metalen eta metal molekularren arteko egitura-diferentzia, azken hauetan egitura metalikoa norabide bakar batean bakarrik egotea da.

Material hauek hozten direnean (-170/-25°C tartean) beren eroaltasuna galdu egiten dute. Honen kausa, tenperatura baxutan pilatutako kristal-sarean gertatzen diren ez-egonkortasun eta distortsioek egitura elektronikoa hondatzea da.

Ilaren artean elkarrekintza elektroniko gehigarriak egonez gero, bi gauza gertatuko lirateke. Lehendabizi, materialaren egitura elektronikoa bi dimentsiotara zabalduko litzateke. Bigarrenez, kristal-egitura tenperatura baxuen bidezko distortsioen aurrean sendoagoa izango litzateke.

Hau da Allan Underhill-ek zuzendutako eta zientzilari galestarrez osatutako talde batek lortu duena, paladioaren konplexu organometaliko bat sintetziatzean. Konplexu honen molekulak, bi norabidetan pilatzen dira. Hala ere, material honek tenperatura baxutan eroateko, presio handipean (12.000 atm.) egon behar du.

Presio baxuak, molekulen berrantolamendu txikiak eragiten ditu eta energi zuloak sortzen dira; egitura elektronikoaren eroaltasuna hondatzen dutenak hain zuzen. Presio altuek berrantolamendu horiek baztertzen dituzte.