“Zientzia ez da letra larriz idatzitako balio horien jabe, hortik oso urruti gaude”
2015/03/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?
Niretzat mugarri bat izan zen konturatzea zer harreman dagoen zientziaren eta boterearen artean. Ohartu nintzen zientziak ez dituela berezkoak letra larriz idazten diren balio horiek: Neutraltasuna, Egia, Objektibotasuna... Zientzian sekulako eragina dute politikak, ekonomiak, botereak; zientzia ez da letra larriz idatzitako balio horien jabe, hortik oso urruti gaude. Teknozientzia da. Horretaz jabetzea funtsezkoa izan da niretzat. Horregatik ni beti definitzen naiz zientzialari feminista gisa, beste balio batzuk agerian jartzen ditudalako mahai gainean, eta balio horien alde egiten dudalako.
Beti kezkatu nauen beste gauza bat da determinismoa, batez ere zientzia biologikoetan. Azken genearen bila ibiltzea, azalpena emango diguna. Adibidez, homosexualitatearen genea bilatu nahi izatea; kezkatzen nau gure izaeraren edo jokabidearen genearen bila ibiltzea.
Eta, azkenik, izugarria iruditzen zait armen sofistikazioa. Etxeko sofan eserita egonda, gai izatea Afganistan bonbardatzeko drone baten bidez, horrek izutu egiten nau. Nik materialen inguruan egin nuen tesia, eta orduan ohartu nintzen materialen zientzia zuzenean erlazionatuta dagoela interes militarrekin. Gaur egun, gauza bera: ikerketa asko helburu militarrekin egiten dira. Beldurgarria da.
Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?
Aurrera begirakoa ere beldur baten inguruan da. Izan ere, uste dut iruditzen zaigula zientziak emango digula irtenbidea. Pentsatzen dugu lortuko dugula minbiziaren aurkako sendabidea, edo aurrerapen baten bidez konponduko ditugula ingurumenari egindako kalteak, edo asmatuko dugula hazi transgeniko bat gosea desagerrarazteko... Aurrerantz ihes egiteko saiakera bat dela uste dut. Zientziak emango digunez konponbidea, ez gara hasiko galdetzen gure buruari zerk eragiten dituen arazo horiek, eta zer egin beharko genukeen haiek saihesteko. Ardura gure gainetik kentzeko modu bat da. Adibidez, agian bizimodua aldatu behar dugu, osasuna eta ingurumena zaintzeko, eta baliabideak berdintasunez banatu, desorekak ez izateko.
Aurreranzko ihesaldi horrek ez digu ekarriko nik nahiko nukeen iraultza. Niri gustatuko litzaidakeen iraultza atzera begiratzea da eta pentsatzea zein den pertsonaren esentzia. Eta esentzia hori izango da jarri behar duguna bizitzaren erdigunean, edo pentsamenduaren erdigunean. Atzera begiratu behar dugu jabetzeko nolako gizartea ari garen eraikitzen, eta benetan irauli nahi badugu, ardura gure gain hartu beharko dugu.
"Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. jaialdian parte hartzen du"
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia