Emakumeen osasunari buruzko ikerketek ugalketa-osasunean jartzen dute fokua

2022/04/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. © Diego Cervo/123RF

Osasunean eta medikuntzan espezializatutako aldizkarietan, emakumeei buruzko ikerketak gutxiengoa dira. Gehienetan ez da sexua ez generoa bereizten, baina, berariaz emakumeei buruz direnen artean, ugalketa-osasunari buruzkoak dira ugarienak. Jarraian datoz minbiziak, eta, aldiz, behar baino arreta txikiagoa jasotzen dute emakumeei erasaten dieten gaitz nagusiei buruzkoek, hala nola gaixotasun infekziosoek, kardiobaskularrek eta muskuloeskeletikoek, edo buruko asaldurek. Joera hori, gainera, hazi egin da azken urteetan, 2010ean % 36 baitziren ugalketarekin lotutakoak, eta 2020an, berriz, % 49; alegia, ia erdiak.

Ondorio horietara iristeko, 2010-2020 tartean argitaratutako osasuneko sei aldizkari eta medikuntzako bost aztertu dituzte Australiako eta Erresuma Batuko ikertzaile- batzuek, eta emakumeei buruzkoak bereizi dituzte; guztira, 1483 artikulu.

Emakumeen ohiko gaixotasunen zerrendarekin alderatuta, frogatu dute gaiak ez datozela bat, ehunekoetan, gehien eragiten dietenekin, morbilitatean zein hilkortasunean. Hain zuzen, nabarmen ugariagoak dira ugalketa-osasunarekin lotutakoak, eta, gainera, sasoi ugalkorrean eta haurdunaldian jartzen dute arretarik handiena, eta ia ez dira agertzen bizitzaren beste sasoiei buruzkoak.

Minbiziei buruzkoetan ere, bularrekoak eta umetoki-lepokoak dira ia denak, eta ez dira agertzen kalte handia eragiten duten beste batzuk, esaterako, biriketakoa eta kolon eta uzkikoa. Bestalde, egileek COVID-19aren hutsunea nabarmendu dute. Haien esanean, ez dute generoak gaitzan izan duen eragina aztertu, ezta sexu-indarkeria ere.

“Bikini-medikuntza” deitu diote fenomenorari, eta, emakumeei buruz ikerketa gehiago egitea eskatzeaz gain, dituzten arazoei erantzutea ere gomendatu dute ikertzaileek.

Horrekin lotuta, artikulu-sorta, hemerotekan: Genero-bereizketa medikuntzan

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia