Emakume ikertzaileak: asmatu bai, batez ere emakumeentzat; patentatu ez

2021/06/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Melbourneko Unibertsitatea

Emakumez osatutako ikertzaile-taldeek gainerakoek baino joera handiagoa dute emakumeen onurarako aurrerapenak sortzeko, baina patente gutxiago lortzen dituzte. Hori frogatu dute Nafarroako Unibertsitateko eta Kanadako eta AEBko beste bi unibertsitatetako ikertzaileek, 1976tik 2010era patentatzeko asmoz aurkeztutako 440.000 asmakizun biomediko aztertuta. 

Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, datuen arabera, lantalde osoa emakumeek osatzen bazuten, denak gizonak izanda baino % 35 gehiagotan aurkezten zituzten emakumeen osasunerako asmakizunak;  taldea mistoa bazen, berriz, % 18. Alabaina, emakumeak ez ziren patenteen % 25ean baino agertzen. 

Egileen esanean, ikerketak agerian jarri du zenbat onura geratzen diren jaso gabe bereziki, emakumeen aldetik, emakume asmatzaileei aukerak ukatzen zaizkielako. Horrekin batera, iradoki dute emakume asmatzaileek zer zailtasun izaten dituzten ezagutzeak konponbidea jartzeko balio beharko lukeela.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia