}

Elikagaien eta pentsuen segurtasuna K.O.

2023/12/01 Bereziartua Aranzabal, Ainhoa - Biomedikuntzan lizentziaua Iturria: Elhuyar aldizkaria

XXI. mendean ez da bakarrik gizakia, 
inoiz baino konektatuago dagoen izakia. 
Etorkizuneko arriskuentzat estrategia 
Osasun Bakarra ikuspegia. 
 
Arazoak elikagaien eta pentsuen segurtasunean,  
laboreak klima-aldaketa eta onddoen mehatxupean. 
Kalteak ingurune, abere eta giza osasunean. 
Diziplinarteko ikerketa da giltzarri ezinbestean 
arrisku horien kontrol, prebentzio eta aurreikuspenean. 
Elikadura segurua berma dezagun etorkizunean. 

Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak dioenez, mundu osoko elikagaien % 25 inguru mikotoxinekin kutsatuta daude [1]. Mikotoxinak (grezieratik: mykes, onddo; eta latinetik: toxicum, pozoia) onddoek sortzen dituzten toxiko natural kutsatzaileak dira. Urte askoan ikertzen aritu arren, eta elikagai- zein pentsu-katean nekazaritza eta fabrikazio-jardunbide egokiak indartu arren, toxina horien kutsadurak larriki mehatxatzen du gaur egun elikagaien eta pentsuen segurtasuna. Diru-sarrera apaleko herrialdeek pairatzen dituzte kutsaduraren eraginik larrienak, nahiz eta mundu osoan jasaten diren kutsadura horren kalteak. Alde batetik, gizakien eta animalien osasunari eta abereen nahiz laboreen produktibitateari erasaten diete mikotoxinek. Bestetik, kutsatutako produktuak merkatutik kentzearen ondorioz, nazio mailako zein nazioarteko merkataritza asaldatu eta galera ekonomiko handiak eragiten dituzte [2].  

Mikotoxina-talde batzuk bereziki aztertu beharrekoak dira elikagaien segurtasunari eta araudiari dagokienez [3]. Horien artean, Aspergillus generoko onddoek sortzen dituzten toxinak dira (hots, aflatoxinak) mikotoxina toxiko ohiko eta arriskutsuenetako batzuk. Aflatoxinekin kutsatutako elikagaiak eta pentsuak kontsumitzeak ondorio larriak eragin ditzake gizakien zein animalien osasunean, hala nola minbizia izateko arriskua areagotzea, hazkundea geldiaraztea eta gorputzeko defentsak ahultzea. Gainera, aflatoxinak zuzenean ukitzea hilgarria izan daiteke, oro har kalte larriak eragiten dituzte gibelean eta [4].

1. irudia. Aflatoxinekin kutsatutako laboreak eta haiek eragindako kalteak (laboreen kutsaduratik elikagaien merkaturatzera arte). Arg. Ezkerretik hasita, argazkien iturriak: Doug Jardine/K-State Research and Extension; KOOKLE/Shutterstock.com. ARG.: Ainhoa Bereziartua.

Noiz, non eta nola kutsatzen dira elikagaiak aflatoxinekin?

Aflatoxinak janari-intoxikazioen eragile ospetsu eta gogaikarriak dira. Elikagaien eta bazka-laboreen kutsadura zuzenean landa-eremuan sor daiteke. Bereziki laborantza- eta uzta prozesuan gertatzen da kutsadura (uzta aurreko kutsadura deitzen zaiona), baina laboreak biltegiratu, prozesatu, garraiatu edo merkaturatzean ere gertatzen da (uzta osteko kutsadura gisa ezagutzen da) [5]. 

Horrenbestez, elikagai eta pentsuen produkzio-­kate osoan jazo daiteke aflatoxinen inbasioa. Gainera, labore nagusi guztiei egiten diete eraso aflatoxinek, mundu osoan kontsumitzen diren zerealak barne, hala nola artoa, arroza, sorgoa eta garia. Fruitu lehorrei ere eragiten diete, hala nola kakahueteei, pistatxoei, zuhaitz-fruituei, kafeari eta kotoi-haziei [6]. Artoaren kutsadura bereziki kezkagarria da, elikagaien nahiz mundu osoko pentsuen horniduran zeregin garrantzitsua baitu. Halaber, esnekiak ez daude aflatoxinen kutsaduratik salbu. Izan ere, abereen pentsuak aflatoxinekin kutsatuta egonez gero, animalia horietatik eratorritako elikagaiak ere kutsatuta egon daitezke. 

Zer lotura du honek guztiak klima-aldaketarekin?

Klima-aldaketa da XXI. mendeko giza osasunean eragina duen mehatxu handienetako bat. Haren ondorioz, tenperatura igotzea, prezipitazio-ereduak aldatzea, atmosferako karbono dioxidoa metatzea eta muturreko fenomeno meteorologikoak —hala nola lehorteak eta uholdeak— sarriago gertatzea espero da [7]. Ingurune aldakor horrek eragin handia du lehen mailako nekazaritza-sistemetan, landako zein biltegietako ingurune-baldintzei erasaten baitie. Hori dela eta, klima-aldaketa da, gaur egun, elikagaien eta pentsuen segurtasunarekin lotutako kezka nagusietako bat. Aflatoxina bidezko kutsadurari dagokionez, klima-aldaketak hiru modutara indartzen du toxiko natural horien kutsadura. 

Alde batetik, klima-aldaketarekin lotutako ingurumen-faktoreek laboreak ahultzen dituzte. Muturreko fenomeno meteorologikoek sortutako estres-baldintzek eta horiei aurre egiteko praktika agronomikoek (adib. pestiziden erabilera handiagoa) izurrite zein gaixotasun gehiagori bide ematen diete, eta, hala, aflatoxinen kutsadurarekiko sentikorragoak bilakatzen dira laboreak. Gainera, klima-gorabeherek aldaketa nabarmenak eragiten dituzte laboreen biogeografian (hots, banaketa geografikoan) eta horien fenologian (hau da, loraldietan). 

Bestalde, klima-aldaketak eragin handia du aflatoxinak sortzen dituzten onddoen hainbat ezaugarritan, hala nola biogeografian, hazkuntzan, toxikotasunean (hau da, aflatoxinak ekoizteko gaitasunean) eta onddoen elkarrekintzetan. Aflatoxinak sortzen dituzten onddoak oso hedatuta daude mundu osoan, baina klima bero eta hezeak nahiz lehorte-­egoerak dituzte gogoko. Klima bero eta hezeak onddoen hazkuntza indartzen du; lehorteek, berriz, iratzargailua balira bezala, haien aktibitatea sustatzen dute, bai toxikotasunari eta elkarrekintzei dagokienez. Orain dela urte batzuk arte, baldintza horiek eremu tropikal eta subtropikaletara mugatzen ziren [8], baina, klima-baldintza aldakorrak direla bide, Europa hegoaldeko eta ekialdeko agertokietan ohikoa bilakatu da aflatoxinen presentzia azken hamarkadetan [9].  

2. irudia. Klima-aldaketaren eragina laboreen aflatoxina bidezko kutsaduran elikadura-kateko etapa desberdinetan. Arg. Ainhoa Bereziartua

Euskal Herriko biztanleen dietan hartzen den aflatoxina-kantitatea neurtu zuen 1990-1995 bitartean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, ikerketa batean. Ikerketaren arabera, esnekietan ez zen inoiz gainditzen legediak ezarritako gehieneko muga. Inportatutako fruitu lehorretan, aldiz, pistatxo- eta kakahuete-lagin gutxi batzuek legearen mugak gainditzen zituzten.

Azkenik, klima-aldaketak gaur egun aflatoxinen kutsadura kontrolatzeko eta/edo gutxitzeko erabiltzen diren kontrol-estrategien erresilientzia (hau da, aldaketak jasateko ahalmena) eta eraginkortasuna murriztu ditzake. Esaterako, dirudienez, ingurumen-faktoreek fungiziden (hots, onddoen aurkako substantzien) eragin desinfektatzailea murriztu dezakete.

Nork eta nola heldu arazoari etorkizunean?

Ikusi dugu klima-aldaketaren efektu konplexuen ondorioz aflatoxinen kontrola gero eta zailagoa dela mundu osoan. Uzta aurreko zein osteko kontrol-estrategien funtsezko zeregina ukaezina da. Hala ere, agerian geratu da egungo kontrol-neurriak etengabe ebaluatzeko beharra, klimarekin lotutako inguruneko faktoreen aldaketak jasateko ahalmena dutela bermatzeko. Erabateko kontrola lortzea zaila denez, lagungarria litzateke klima-aldaketak aflatoxinen kutsaduran izango duen eragina aurreikustea [11]. Ez da batere lan erraza, ordea. Horregatik, iragarpen faltsuak edo zehaztugabeak ekiditeko beharrezkoa da lehendabizi mundu errealeko prozesuak hobeto ulertzea. 

3. irudia. Klima-aldaketak eta aflatoxinen kutsadurak elikagaien eta pentsuen segurtasunean duten eragina, eta horrekin lotutako etorkizuneko erronkak, lotura giltzarriak eta erantzule nagusiak. Arg. Ainhoa Bereziartua

Bien bitartean, praktika agronomiko jasangarriak nahitaezkoak dira epe labur zein luzera klima-­aldaketara egokitzeko eta laboreen ekoizpena zein segurtasuna bermatzeko. Labore erresistenteen erabilera ere kutsadura murrizteko estrategia eraginkorra izan liteke [12]. Genetikoki eraldatutako landareak etorri zaizkizu gogora, ezta? Bada, badira horren sofistikatuak ez diren beste irtenbide batzuk ere. Esaterako, badirudi artoa errazago kutsatzen dela aflatoxinekin ale txikiagoko beste zereal batzuk baino. Beraz, dieta dibertsifikatzea eta naturalki erresistenteagoak diren elikagai-labore berriak mahai gainean jartzea, esperientzia gastronomiko berria ez ezik, aflatoxinen janari-intoxikazioa gutxitzeko estrategia bat ere izan daiteke. 

Argi dago klima-aldaketak elikagaien eta pentsuen hornidura-kate osoari eragiten diola, eta, beraz, elikadura-kateak barne biltzen dituen prozesu eta partaide oro daude auzi horretan nahasita. Horrenbestez, arazo honen erantzule bakarrak ez dira sektore edo arlo bakarreko adituak. Are gehiago, guztien ekarpena ezinbestekoa da politika eraginkorrak formulatzeko, egungo arauak eta legeak eguneratzeko eta mundu mailan eta nazio mailan arriskuak modu egokian kudeatzeko [13]. Ildo beretik, ekintza eraginkorrak garatzeko, ikuspegi bateratua behar da, arazo konplexu honetan esku hartzen duten sektore eta diziplina guztiak bilduko dituena. Diziplinarteko ikerketa, beraz, ezinbestekoa da balizko egoeren azterketa errealistagoa egiteko eta elikagai eta pentsuen segurtasunerako kontrol-, prebentzio- eta kudeaketa-estrategia arrakastatsuak garatzeko. 

Hitz gutxitan esanda, diziplina anitzeko arazo konplexu honen aurrean Osasun Bakarra (One Health) ikuspegia da estrategia itxaropentsu bakarra, hark bakarrik sinesten baitu gizakion osasuna, animaliena eta ingurumenarena banaezinak direla. Ikuspegi bateratu horren ondorioz etorriko dira, politikak eta nekazaritza kudeatzetik harago, arrakasta ekonomikoa nahiz animalien, gizakien eta ingurumenaren osasun-bermea. Amaitzeko esan nahi dugu, beraz, ezinbestekoa dela elikagaien eta pentsuen segurtasunaren aldeko borroka ikuspegi bateratu horretatik lantzea.

Bibliografia 

  1. Park, D. L., Njapau, H., & Boutrif, E. (1999). Minimizing risks posed by mycotoxins utilizing the HACCP concept. Food, Nutrition and Agriculture, 23, 49–55. http://www.fao.org/docrep/X2100T/x2100t08.htm#TopOfPage 
  2. European Commission (2022). RASFF - food and feed safety alerts. Erabilgarri: https:// ec.europa.eu/food/safety/rasff_en. Kontsulta data: 16 February 2022.  
  3. European Food Safety Authority, EFSA. (2013). International frameworks dealing with human risk assessment of combined exposure to multiple chemicals. EFSA Journal 11:3313. 
  4. European Food Safety Authority, EFSA. (2004). Opinion of the Scientific Panel on Contaminants in the Food Chain (CONTAM Panel) related to aflatoxin B1 as undesirable substance in animal feed. EFSA Journal 2:39.
  5. Joint FAO/WHO Expert Committee on Food Additives, JECFA. (2017). Evaluation of certain contaminants in food. Food and Agriculture Organization of the United Nations, World Health Organization Technical Report Series 1002.
  6. [6]CAST. (2003). Council for agricultural science and technology - task force report.
  7. IPCC. (2021). Summary for Policymakers. Contribution of Working Group I to the Sixth Assessment Report of the Intergovernmental Panel on Climate Change. Cambridge University Press.
  8. Medina, A., Rodriguez, A., & Magan, N. (2014). Effect of climate change on Aspergillus flavus and aflatoxin B1 production. Frontiers in Microbiology, 5, 1–7. https://doi.org/10.3389/fmicb.2014.00348
  9. Comité Científico AESAN. (2021). (Grupo de Trabajo) Marín, S., Daschner, A., Morales, F.J., Rubio, C., Ruiz, M.J. y Burdaspal, P. Informe del Comité Científico de la Agencia Española de Seguridad Alimentaria y Nutrición (AESAN) en relación a los efectos del cambio climático sobre la presencia de micotoxinas en los alimentos. Revista del Comité Científico de la AESAN 33, pp: 11-51.
  10. Bittor Rodriguez Rivera (2009). Elikadura toxikologia. Elhuyar edizioak, 1-209.
  11. Battilani, P., Toscano, P., Van Der Fels-Klerx, H. J., Moretti, A., Leggieri, M. C., Brera, C., Rortais, A., Goumperis, T., & Robinson, T. (2016). Aflatoxin B 1 contamination in maize in Europe increases due to climate change. Scientific Reports, 6, 1–7. https://doi.org/10.1038/srep24328
  12. Jallow, A., Xie, H., Tang, X., Qi, Z., & Li, P. (2021). Worldwide aflatoxin contamination of agricultural products and foods: From occurrence to control. Comprehensive Reviews in Food Science and Food Safety, 20(3), 2332–2381. https://doi.org/10.1111/1541-4337.12734
  13. Valencia-Quintana, R., Milić, M., Jakšić, D., Klarić, M. Š., Tenorio-Arvide, M. G., Pérez-Flores, G. A., Bonassi, S., & Sánchez-Alarcón, J. (2020). Environment changes, aflatoxins, and health issues, a review. International Journal of Environmental Research and Public Health, 17(21), 1–10. https://doi.org/10.3390/ijerph17217850.
  14.  

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia