}

Elikaduraren desorekak eta beste zenbait faktore

2003/06/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Anorexia, bulimia eta beste hainbat gaixotasun elikaduraren desoreka larriak dira. Hain larriak ezen gaixotasun horien jatorrian ezkutatzen diren arrazoien bila ari baitira hainbat ikertzaile. Gizartearen exijentzia-maila, irudiarekiko esklabutza eta beste hainbat faktore sozial aipatu izan dira orain arte eragile gisa, baina, azkenaldian, beste aldagai batzuk ere hartzen dituzte kontuan.

Hain zuzen ere, EHUko Neurozientzia Saileko psikiatra- eta psikologo-talde bat alexitimiak eta depresioak elikaduraren desoreketan zein eragin izan dezaketen ikertzen aritu dira, ondoren, gaixoen tratamenduetan kontuan izan beharreko faktoreak finkatzeko.

Alexitimia eta ezkutuko depresioa

Elikaduraren desoreka larriek emozioekin izan dezaketen erlazioa ikertzen ari dira EHUn.

Alexitimia aspalditik ikertzen den asaldura da eta pertsona batzuen berezko ezaugarritzat hartzen da. Alexitimikoek beren sentipenak interpretatzeko zailtasunak izaten dituzte eta, gainera, sentipen horiek adierazteko ere ez dute modurik aurkitzen. Depresioaren sintomak, berriz, lo egiteko zailtasuna, ezinegona eta instrospekzio-falta izaten dira, gehienetan.

Bi faktore horiek elikaduraren hainbat desoreka larrirekin (anorexia, bulimia ...) duten erlazioa aurkitu nahi izan dute ikertzaileek eta, horretarako, 103 gaixorekin lan egin dute. Gaixo horiek Santiago Apostol ospitalean eta Urtuellako Osasun Mentaleko Zentroan zeuden ospitaleratuak.

Lehenik, hainbat galdeketa egin zitzaizkien gaixoei, batez ere, alexitimia eta depresioa zuten ala ez ikusteko. Hori jakiteko, 3 froga-mota erabili ziren: alexitimia ikertzeko Torontoko talde ospetsu baten testa (TAS) eta EHUn sortutako bat (YAS), eta depresioa aztertzeko Hamilton 17 testa, hain zuzen ere. Ondoren, emaitza guztiak aztertu eta galdera bakoitzarekin ondorio edo erlazioren bat bilatzen saiatu dira.

Galdeketa horien emaitzak interpretatzerako garaian, gaixoen diagnostikoari (bulimia, nerbio-anorexia...), gorputz-masaren indizeari (IMC), adinari eta beste zenbait faktoreri begiratu diete ikertzaileek batez ere.

Amets egiteko emaitzak

Emaitzen arabera, nahiz eta azterketa sakonagoak egin beharko diren, elikaduran desorekak dituzten gaixoek depresio subkliniko bat izaten dute, depresio apal bat, nolabait esateko. Izan ere, depresioaren zenbait sintoma agertzen dituzte, baina ez guztiak eta, beraz, ezkutuan dagoen depresio bat izaten dutela ondorioztatu dute psikologoek.

Bestalde, ez dago esaterik alexitimiak edo depresioak eragin handiagoa duenik gaixo bulimiko edo gaixo anorexikoetan. Eta, azkenik, beste ondorio bat ere atera dute: zenbat eta amets egiteko gaitasun handiagoa izan, orduan eta errazago sendatzen dira gaixoak.

Bai, gaixoak bere burua sendatuta ikusteko gaitasuna badu, bere burua osasuntsu irudikatzeko gai bada eta gaixotasunetik kanpo dauden gauzak egiteko gai izango dela amesten badu, azkarrago sendatzen da.

Beraz, alderdi positiboari begiratu behar zaio beti, horrek laguntzen baitu, behintzat psikologiari dagokionez.

  • Proiektuaren izenburua
    Elikaduraren desorekak eta emozioak.
  • Helburua
    Elikaduraren desoreketan alexitimiaren eta depresioaren eragina neurtzea.
  • Ikertzaile nagusiak
    Luis Yllá Segura, Asunción Gonzalez-Pinto Arrillaga.
  • Lan-taldea
    Luis Yllá Segura, Asunción Gonzalez-Pinto Arrillaga, Virginia Guillen Cañas.
  • Saila
    Neurozientziak (Psikiatria Arloa).
  • Fakultatea
    Medikuntza eta Odontologia (Leioa).
  • Finantziazioa
    EHU.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia