Elektrizitatea eta minbizia
1994/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Estatu Batuetako American Journal of Epidemiology aldizkariak, eremu elektromagnetikoetan egoten diren langileei buruz egindako inkestaren emaitzak argitaratu ditu.
Gogora dezagun hari edo kable batean korronte alternoa dagoenean bere inguruan eremu elektrikoa eta magnetikoa sortzen direla, hau da, eremu elektromagnetikoa sortzen da.
1979. urtean, Nancy Wertheimer soziologoak Iparramerikako Denver inguruko umeek linea elektrikoen ondoan bizi baziren leuzemia izateko arriskua bi aldiz handiagoa zutela jakinarazi zuen. Geroztik ikerketa asko egin dute eta Wertheimerrek esana baieztatu egin da. 1986.ean Lennard Tomenius suediarrak jakinarazi zuenez, nerbio sistemako tumore gehiago zuten batezbeste tentsio handiko linea elektrikoen inguruan bizi ziren umeek. Azkenik, 1992.ean Maria Feychting eta Anders Ahlbom suediarrek ofizialki baieztatu zuten eremu elektromagnetikoen eta minbizien arteko harremana.
Arrisku horrek, noski, lehenik eta behin lineatan lanean diharduten profesionalak hartzen ditu, eta ondorioz, langile horiei buruz ikerketa egin da Kanadan bi konpainia elektrikotan; Ontario Hydro eta Hydro-Quebec konpainietan, hain zuzen. Emaitza, honako hau izan da: eremu elektromagnetikoetan dabilenak arrisku handia du leuzemia eta garuneko tumoreak izateko. Hala ere, dosi eta efektuaren arteko erlazioa ez dago garbi zehaztuta. Izan ere, baldintza berdinetan konpainia batekoek minbizi arrisku handiagoa erakutsi dute bestekoek baino.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia