Dortokak hotzaren zale
1989/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Animaliek negu gorriari aurre egiteko neguloa edo hibernazioa egiten dutela gauza jakina da. Dortoka batzuek urrutirago eraman dute hotzarekiko moldapena; izoztu egiten dira. Giza organoen transplanteak errazteko dortoka hauek izoztu ondoren bizirik nola irauten duten jakitea oso baliagarria izan daiteke.
Chrysemys picta marginata jeneroko dortokek udan erruten dituzte arrautzak sakonera txikiko zulotan. Kumeak udazkenean jaiotzen dira. Kumeak kanpora irten beharrean zuloak sakondu eta udaberrira arte egoten dira.
Zulo horietan neguko tenperatura -8ºC-ra iristen da. Dortoken gorputzeko uraren erdia izozten da. Beroa iristen denean, bihotz taupadak hasten dira, ondoren arnasten hasten dira eta azkenik higitzeari ekiten diote. Beren jokaera guztiz normala bilakatzen da.
Animali zelulak izozten direnean uzkurtu, ondorioz lehertu eta hondatu egiten dira normalean. Dortoka hauengan ez da horrelakorik gertatzen. Ikusi denez, glukosa-, glizerol- eta taurina-kontzentrazio ohizkanpokoak dauzkate dortoka hauen zelulek. Substantzia hauek zelulen uzkurketari ekiditen diote neurri handian.
Izoztearen beste arazoa anorexia da. Odolak higitzeari uzten dionean, oxigenoa ez da zeluletaraino iristen eta hornikuntza eten egiten da. Ehunek oxigenorik gabe lan egin dezakete, baina ordezko metabolismo anaerobikoak glukosa-kantitate handiak behar ditu. Glukosaren metabolismoaren ondorio den laktatoa aurkitu izan da izoztutako dortokengan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia