Elhuyar zientziaren komunikazioa

Dideroten entziklopedia

2014/03/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

dideroten-entziklopedia
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Kartzelariak berriz ere bi kandela ekarri zizkion, aurreko egunean bezala. Batekin nahikoa zuela esan zion; uda zen, eta berandu iluntzen zuen. Kartzelariak, ordea, gordetzeko aholkatu zion; agian, ongi etorriko zitzaizkiola neguko gau luzeetarako. Orduan konturatu zen Diderot ez zutela bi egunetarako atxilotu, eta denbora asko pasa zezakeela espetxean. Hura atsekabea. Zenbat itxaron beharko ote zuen martxan jarri berri zuen entziklopediaren proiektuarekin jarraitu ahal izateko?

1728an, 16 urterekin Parisa iritsi zenean, gutxik pentsatuko zuen Denis Diderot hain iraultzaile bihurtuko zenik. Langresen jaioa zen, aiztogile baten semea; eta, gurasoen nahiari jarraituz, apaiz egitea zen bere hasierako asmoa. Baina Parisen gauzak aldatzen hasi ziren. Bizitza bohemio bat hasi zuen, liburutegitik hartzen zituen liburuak gero eta heterodoxoagoak ziren, eta liburuekin batera zioan aldatzen Dideroten pentsaera ere.

Idazle izatea erabaki zuen, eta itzulpengintza hartu zuen ogibide. Autore ingeles batzuen lanak itzuli zituen. Eta 1746an Penseés Philosophiques (Pentsamendu filosofikoak) argitaratu zuen, anonimoki. Liburu hartan katolizismoa eta fedea kritikatu eta deismoa aldarrikatzen zuen. Newtonen, Muschenbroeken, Hartzoekerren eta Nieuwentiten lanak goraipatzen zituen: "gizon horien lanari esker mundua jada ez da jainko bat; makina bat da, bere gurpil, korda, polea, malguki eta zamekin". Parlamentuak kondenatu egin zuen liburu hura.

Urte hartan bertan, Ephraim Chambersen Cyclopaedia entziklopedia ingeles arrakastatsua itzultzeko enkargua egin zion editore batek. Urte pare bateko lana izango zen, Diderotek pentsatu izan ez balu itzulpen soil bat egitea ez zela aski. Horren ordez, garaiko ezagutza guztia bilduko zuen entziklopedia egitea erabaki zuen. Encyclopédie -aren gai bakoitza aditu onenak idatziko zuen, eta harpidetza-bidez finantzatuko zuen. Gainera, pentsamendu kritikoa eta eszeptikoa izango zuen ardatz.

Berak artean izen handirik ez zuenez, proiektuari sendotasuna emateko Jean-Baptiste d'Alembert matematikari entzutetsua eta Zientzia Akademiako kidea hartu zuen koeditore. Bien artean laster lortu zituzten kolaboratzaile kartsu mordo bat: idazleak, zientzialariak, baita apaizak ere... Martxan zegoen Dideroten plana.

Baina, proiektua hasi eta berehala, 1749an, atxilotu egin zuten. Lehendik ere bazituen salaketak. 1747an Hardy Levaré erretoreak honela esan zion poliziari: "Diderotek egiten dituen komentarioek argi uzten dute deista dela, ez bada zerbait okerragoa. Jesukristori eta Ama Birjinari buruzko biraoak, idatziz jartzera ausartzen ez naizen kontuak... Ez dut inoiz hitz egin gazte horrekin, eta ez dut zuzenean ezagutzen, baina esan didate talentu izugarria duela, eta bere hizketaldia oso entretenigarria dela. Hizketaldi batean aitortu zuen parlamentuak duela bi urte kondenatu eta erretako bi obratako baten egilea zela. Kontatu didate urtebetez baino gehiagoz aritu dela lantzen beste obra bat, erlijioarentzat are arriskutsuagoa dena".

Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Obra arriskutsu hura Lettre sur les aveugles à l'usage de ceux qui voient (Itsuei buruzko gutuna, ikus dezaketenen erabilerarako) zen. Idatzi labur horretan, ukimenaren bidez itsuei irakurtzen irakasteko aukeraz idatzi zuen (Braillek mende bat beranduago garatuko zuen ideia bera). Baina, batez ere, itsuen hainbat esperientzia oinarri (edo aitzakia) hartuta, Jainko ikusezin baten kontrako ideiak bota zituen, eta baieztatu zuen ezagutza zentzumenen bidez lortzen dela, eta ez errebelazio zerutiarraz. Hori guztia nahikoa probokazio izan zen erregearentzat Diderot espetxeratzeko.

Aste batzuk pasa zituen barruan, eta atera orduko ekin zion berriz ere entziklopediaren proiektuari. Tentuz ibili beharko zuen, argi baitzuen zer mehatxu zuen gainean, baina tinko eutsi zion zientzian eta ez Eskritura Santuetan oinarritutako ezagutza zabaltzeko ideiari, deismotik ateismorako bidea egiten zuen bitartean. Gainera, kartzelatik pasa ondoren, heroi txiki bat bihurtu zen askorentzat. Voltaireren laudorioak jaso zituen, eta Parisko saloietako ateak ireki zitzaizkion. Saloi horietan biltzen ziren, jaki goxoen inguruan, garaiko librepentsalari eta intelektual aurrerakoienak, kalean hitz egin ezin zenaz hitz egiteko. Eta saloi haietako hizlari abil eta grinatsuenetako bat bihurtu zen Diderot.

Diderotek argi zituen gauzak. Entziklopediaren egitura bera puskatzailea izango zen. Sarrerak orden alfabetiko zorrotzean joango ziren, ez garaiko hiztegietan bezala, non gaika ordenatzen ziren, teologiari, elizari eta nobleziari lehentasuna emanez. Eta biografiarik ez zen sartuko, garrantzia ez zezaten historiako gizon handiek hartu, baizik eta ideiek, ezagutza objektiboak, eta eskulanak eta ofizioek.

Elizaren eta erlijioaren kontra egiteko moduak ere aurkitu zituen. Zentsoreek ezin uka zezaketen, esaterako, Bibliako gai batzuen azterketa xehea. Esaterako, Edme Mallet abadeak Noeren arkari buruz idatzitako artikuluan, kalkulatzen du zenbat animalia-espezie zeuden Lurrean, zenbat ur, lasto eta ardi (haragijaleentzat) ontziratu beharko ziren, nola banatu behar izango zituzten animaliak ontzia ez iraultzeko, zenbat gorotz kanporatu beharko zuten egunero Noek eta bere bi semeek, eta abar. "Eukaristia" sarreran, berriz, "kanibalismora" bidaltzen duen ohar bat dago. Eta abar.

1752an, entziklopediaren lehen bi liburukiak argitaratuta zeudenean, Errege Kontseiluak debekatu egin zuen argitaratzen jarraitzea. Baina, Madame Pompadour-en laguntzari esker, jarraitu ahal izan zuten. 1759an, ordea, Parisko Parlamentuak, elizarekin bat eginik, berriz debekatu zuen. D'Alembertek, beldurtuta, utzi egin zuen proiektua. Diderotek berriz, erdi-klandestinitatean, lortu zuen argitaratzen jarraitzea. 1772an, proiektua hasi zenetik 26 urtera, argitaratu zen azken liburukia, 28.a. Guztira, 20 milioi hitz eta 2.885 ilustrazio hartu zituen Ilustriazioaren ikur bihurtu zen entziklopediak.

Arrakasta handia izan zuen; 4.000 entzikopedia saldu zituzten. Eta ez zen merkea: artisau maisu baten urtebeteko soldata balio zuen. Mendea bukatu baino lehen, beste 25.000 inprimatuko ziren.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia