}

Depresioarekin lotutako hainbat gene identifikatu dira lehenengoz, mundu osoko populazioetan

2025/01/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

depresioarekin-lotutako-hainbat-gene-identifikatu
Depresioaren genetika azteru dute, europar jatorria ez duten populazioetan. - Arg. Darryl Leja, NHGRI/Jabego Publikoa

Dibertsitate genetikoaren ikuspegitik inoizko metaanalisi zabalena egin dute, depresioaren arriskuarekin lotutako geneak identifikatzeko. Horri esker, aurrez ezagutzen ez zituzten 700 aldaera eta 300 gene inguru aurkitu dituzte. Hain zuzen, depresioaren genetika argitzeko egin diren ikerketa gehienak jatorri europarra duen populazioan egin dira. Horrenbestez, beste etnia batzuetan osasun-diskriminazioa eragiteko arriskua dago, adibidez, litekeena da haientzat ez izatea egokiak orain arte genetikan oinarrituta garatu diren terapia batzuk.

Ikertzaileek Cell aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, irekian. Haien esanean, aldaera genetiko bakoitzak bere aldetik eragin txikia du, baina, pertsona batek hainbat aldaera baditu, eragina esanguratsua izan daiteke. 

Identifikatu dituzten aldaera genetikoak garunaren eremu askotako neuroeni lotuta daude; tartean, emozio-kontrolarekin zerikusia dutenei. Horrekin batera, tratamentuetarako itu berriak proposatu dituzte. Esaterako, lehendik dauden bi botika, pregabalina (min kronikoaren kontrakoa) eta modafinila (narkolepsiaren kontrakoa), depresioa tratatzeko bideratu daitezkeela iradoki dute.

Azkenik, aldakortasun genetikoa zenbaterainokoa den eta zer eragin duen ikusita, nabarmendu dute ikerketa gehiago egin behar direla jatorri europarra ez duten populazio-taldeetan.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia