}

Denbora aurrezteko balio duen makina

2003/04/01 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lanbide Heziketako ikastetxeetan, Mekanizazioaren gaia klasikoenetakoa da. Baina klasikoa eta beti landu izan den gaia izan arren, arlo horretan ere hainbat gauza aldatu da. Izan ere, ekoizleen helburu nagusia beren produktua ahalik eta azkarren egitea da. Hain zuzen ere, teknologia berriak horretarako sortzen dira, eta, bide batez, gastuak murrizteko. Goazen, beraz, mekanizazio-arloak izan dituen aldaketak ezagutzera.
U. Atxotegi

Lehen mekanizazio konbentzionala ikasten zen, hau da, ikasleak makinak eskuz maneiatzen hasten ziren. Eskuak, aldiz, motz gelditu ziren tresna askoren baliabideak ikusirik, eta zenbakizko kontrolaren teknologiak gizakien eskuak ordezkatu ditu. Izan ere, zenbakizko kontrolarekin langileak programa bat egiten du eta makinak aginduei jarraitzen die. Teknologia-mota horretan, moldeak eta trokelak altzairu bigunean egiten dira eta ondoren altzairu hori tratatu egin behar izaten da gogortu arte. Materiala, beraz, mekanizatu egin behar izaten da, gogortzeko hainbat fase pasatu behar du eta, azkenik, leundu egin behar da. Baina fase horien ondorioz, kostuak anitz igotzen dira eta denbora asko galtzen da.

Geroago, CAM (ordenagailuz lagundutako mekanizazioa) teknologia sortu zen langileari lana erraztu nahian. Sistema horren bidez, ikasleak edo langileak mekanizatu nahi duena ordenagailuz marrazten du eta ordenagailuak programa bat eskaintzen dio zuzenean. CAM teknologiaren baitan estrategia bat baino gehiago dago, besteak beste, lehengo erremintetarako eta makinetarako pentsaturiko sistema edo makina eta material berrietarako prestaturikoa.

Abiadura handiko makina

Antoniano ikastetxeko irakasleak sistema berria erabiltzen ikasten ari dira.
U. Atxotegi

Aipatu hiru teknologia horiei jarraipen bat eman nahian, eta betiere denbora aurrezteko, abiadura handiko makinak sortu dituzte. Sistema berriari esker, zenbakizko kontrolean aipaturiko tratamendu- eta leuntze-faseak desagertu egiten dira. Moldeak eta trokelak, adibidez, altzairu gogorrean egiten dira zuzenean eta ez dute inolako tratamenturik behar izaten. Noski, makina berritzaile horrek baldintza batzuk bete behar ditu: ezin du abiada aldatu eta, bestalde, abiadak ez du produktuaren zehaztasunean inolaz ere eragin behar azkarrago ekoiztu arren. Emaitzak gainerako teknologien bidez lortzen dena bezalakoa izan behar du.

EAEko hainbat ikastetxetan lantzen ari dira teknologia-mota hori, besteak beste, Gasteizen, Arrasaten eta Zarauzko Antoniano Ikastetxe Politeknikoan. Azken ikastetxe horretako irakasle-talde bat teknologia hori erabiltzen ikasten ari da, ondoren beren ikasleek erabil dezaten. Proiektu horretako partaide Iñaki Beobide irakasleak esan digunez, abiada handiko makinen teknologia ikasteko hiru urteko epea ezarri diete beren buruari.

Trebakuntza eta aplikazioak

Eibarko Tekniker zentro teknologikoa mekanizazio-arloan berritzailea den teknologia hori garatzen ari da azken hiru urteetan. Antoniano ikastetxeko irakasleak bertara hurbildu ziren teknologia horretan trebatzeko eta geroztik elkarrekin dihardute lanean.

Antoniano ikastetxeak duela gutxi jaso du makina berritzaile hau.
U. Atxotegi

Dagoeneko amaitu dituzte ikastaroak. Hemendik aurrera, erosi berri dituzten makina eta softwarea ongi erabiltzen ikasi nahi dute; material didaktikoa prestatzeko asmoa ere badute beren ikasleek sistema berria ahalik eta era egokienean barnera dezaten.Aurtengo kurtsoan ez bada hurrengoan, ikasleekin proba bat egin nahiko lukete. Abiada handiko makinen teknologia mekanika-taldeko ikasleen produkzio-atalean irakasteko asmoa dute.

Iñaki Beobideren aburuz, “teknologia-mota hori moldeak eta trokelak mekanizatzen dituzten enpresetan erabiltzen da batik bat”. Horrez gain, estanpazioetan eta burdinoletan ere baliatzen dute. Bestalde, prozesua bera garestiagoa da, baina Beobide irakaslearen iritziz, “aztertu egin behar da zein kasutan erabili eta zeinetan ez”.

Teknologia hori berritzailea denik ezin ukatu. Izenak dioen bezala, denbora aurrezteko balio du eta enpresa anitzi gastuak murrizteko ere balioko die.

VIRTOOL proiektua

VIRTOOL proiektua pil-pilean dugu mekanizazio-alorrean. Proiektu hori IST (Information Society Technologies) europar ekimenaren barruan kokatuta dago, eta bere helburu nagusia mekanizazio-prozesuetarako ikaskuntza-mota berri bat diseinatzea eta garatzea da.

Elgoibarko IMH ikastetxeak 2001eko apirilean eman zion hasiera proiektu honi, partzuergo batekin elkarlanean, eta 2003ko urrian amaituko da. Partzuergo hori Europako zenbait herrialdetako (Frantzia, Italia, Alemania eta Espainia) hainbat enpresak, ikerketa-zentrok eta ikastetxek osatzen dute.

Ikaskuntza-mota berri hori diseinatzeko eta garatzeko, hiru dimentsioko sisteman egindako grafikoak eta errealitate birtualeko teknikak erabili dira. Emaitza modura mekanizazio-prozesuetarako beharrezkoak diren tresnak eskaintzen dituzte lau aplikazio lortu dira. Virtool Master aplikazioa (geometriaren edo zinematikaren bitartez makina-erreminta konbentzionala edo CNCdunak definitzen ditu), Virtool Generic aplikazioa (makinak pertsonalizatzeko aplikazioa), Virtool Case Generator aplikazioa (ikasleari hainbat ariketa-mota eskaintzeaz gain ariketa horiek egin ahal izateko informazio osagarria eskaintzen du) eta, azkenik, Virtool Machine aplikazioa (ariketen erantzunak lortzeko ikasleak erabiliko duen aplikazioa).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia