COVID-19 arina izan duten pertsonen hezur-muinean epe luzean antigorputzak sortzen dituzten zelulak topatu dituzte. Hala, gaitza pasa dutenek epe luzerako babesa dutela baieztatu dute. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
COVID-19a izan duten 77 pertsonaren immunitate-sistema aztertu dute. Ikusi dute infektatu zirenetik lau hilabetera behera egiten zuela antigorputzen ekoizpenak. Hala ere, 11 hilabetera oraindik detektatu zituzten S proteinaren aurkako antigorputzak. Pertsona horietatik 18tan, hezur-muina aztertu zuten, eta 15etan aurkitu dituzte S proteinaren aurkako plasmozitoak. Plasmozitoak hamarka urtez gordetzen dira hezur-muinean, eta beraz, epe luzerako babesa ematen dute.
Gainera, ikerketa-talde berak lehen zantzuak topatu ditu iradokitzen dutenak Pfizerren txertoak ere eragiten duela hezur-muineko plasmozitoak sortzea.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala. 2006tik Elhuyarren ari da lanean Kultura Zientifikoaren arloan. Elhuyar aldizkariko erredaktorea eta zuzendarikidea da.