}

COVID-19aren txertoen hirugarren dosia, eztabaidagai

2021/08/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

covid-19aren-txertoen-hirugarren-dosia-eztabaidaga

Populazio helduaren gehiengoa COVID-19aren aurka txertatuta egon arren ospitaleratzeak igo egin direla ikusita, hirugarren dosi bat ematea erabaki dute herrialde batzuek, hala nola Israelek eta AEBk. Europan, Alemaniako, Frantziako eta Austriako osasun-agintariek ere asmo hori dutela jakinarazi dute. Sendagaien Europako Agentziak, ordea, oraindik ez du horri buruzko erabakirik hartu, eta Osasunaren Mundu Erakundea aurka azaldu da, eta txertatu gabeek lehentasuna dutela gogorarazi du.

EMAko bozeramaleek adierazi dutenez, Europako eta Europatik kanpoko txertaketa-kanpainen datuak aztertzen ari dira, COVID-19aren txertoa indartzeko dosirik behar den ala ez aholkatzeko, eta, izatekotan, populazioaren zer taldek beharko zukeen jakiteko.

Nature zientzia-aldizkariaren arabera ere, oraindik ez dago ebidentzia nahikorik beste dosi bat jartzeko populazio guztiari. Hala ere, azaldu du komenigarria izan daitekeela adinekoetan eta immunoeskasia dutenetan, eta gogora ekarri du, beste dosi baten eragina aztertzeko egin diren ikerketetan, emaitza ona izan dutela txerto desberdinak nahasten dituztenak.

Horrez gain, azaldu du inaktibatutako birusez egindako txertoek (Txinan garatutakoak, esaterako), Europan eta AEBn onartutakoek baino eraginkortasun txikiagoa dutela, eta, beraz, oso litekeena dela beste txerto baten dosiren bat behar izatea, babes osoagoa lortzeko.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia