COVID-19aren txaplata bidezko txertoa eta beste aukera batzuk herrialde pobretuentzat

2021/11/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Txaplata bdiezko txertoa, aplikatzailearen barruan. Arg. David Muller/Queenslandeko Unibertsitatea

Queenslandeko Unibertsitatean (Australia) txaplata bidezko txertoa garatu dute, eta saguetan frogatu dute ohiko injekzioek baino babes hobea sortzen duela. Gainera, dosi txikiagoa behar du, giro-tenperaturan biltegiratu daiteke, eta norberak bere buruari jar diezaioke, eta osasun-profesionalik ez dagoen lekuetan erabil daiteke.

Aurrez, txaplata bidezko beste txerto batzuk garatu dituzte Australiako ikertzaileek, influenzaren, poliomielitisaren, dengearen eta beste gaitz batzuen kontra, eta teknologia hori COVID-19aren aurka ere erabilgarria izan zitekeela pentsatu zuten. Hala, txaplata bat sortu dute, 5.000 plastikozko punta txikirekin; puntatxo horietan dago txertoa, lehortuta. Txaplata larruazalaren goiko geruzan jartzen da, aplikatzaile baten bitartez, presionatuz eta minik gabe.

Larruazalean immunitate-zelulak oso ugariak direnez, erantzun immunitario sendoa sortzen da, bai antigorputzen bidezkoa, bai zelularra, baita dosi bakarrarekin ere.

Orain pertsonetan probatzen hasiko dira, eta espero dute bereziki baliagarria izatea osasun-profesional gutxi eta txertoak hotzean garraiatzeko eta gordetzeko baliabide eskasak dituzten lekuetan.

Bestalde, Molnupiravir SARS-CoV-2aren aurkako botika antibiralaren jabeek (Merck, Ridgeback Biotherapeutics eta Emory Unibertsitatea) baimena eman diete herrialde pobretuei botika ekoizteko eta banatzeko, patentearen oztoporik gabe. Sendagaien Agentziek oraindik ez dute baimendu botika hori, baina itxaropen handia piztu du, orain arte dauden tratamenduak baino askoz ere errazagoa baita hartzeko, baita merkeagoa ere. Txertoen gabezia dagoen lekuetan laguntza handikoa izatea espero dute.