COVID-19aren lezioei buruzko sorta berezia argitaratu du Science aldizkariak

2022/03/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Artxibokoa

Azken bi urte hauetan bizitako sindemiak utzi dituen lezioei buruzko artikulu-sorta bat argitaratu du Science aldizkariak, formatu desberdinetan: editoriala, analisiak, erabakien eta ondorioei buruzko eztabaidak, ikerketa zientifikoen azterketak… 

Editorialean, egileak galdetzen du, “normaltasunera” itzuli beharrean, ez ote geniekeen gure buruei galdetu behar nola hobetu normaltasuna. Urteroko gripea eta neumoniak jarri ditu adibidetzat: gizarteak normaltzat jotzen ditu sasoiko kasuen igoerak eta heriotzak. Ez ditu berdin hartu COVID-19ak eragindakoak. Baina, gogorarazi duenez, izurri bati aurre egiteko neurriak aproposak izan daitezke beste batzuetarako ere; horren froga da gripea ia desagertu zela pandemiaren lehen urtean.

Horrekin batera, azpimarratu du gizakia egokituta dagoela erantzun azkarrak epe laburrean hautematen ditugun larrialdiei (orduak, egunak); esaterako, munduak berehala erantzun dio Ukrainako inbasioari. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, epe luzekoekin (hilabeteak, urteak), hala nola, klima-larrialdiarekin. Hori horrela izanik, egileak dei egiten du munduak zientzia urgentzia horrekin erabili dezan, aldaketa handiak eragiteko. “Normaltasun zaharra ez da nahikoa”, dio, hitzez hitz.

Arrazoiak eta ondorioak

Jarraian datozen artikuluetan, COVID-19aren arrazoiei eta ondorioei heltzen diete egileei, hainbat ertzetatik. Adibidez, jatorrira joz, zoonosiei erreparatzen diete Sydneyko unibertsitateko ikertzaileek. Ohartarazi dutenez, zoonosiak ohikoak diren arren gizakiaren historian, zantzuek iradokitzen dute gero eta ohikoagoak izango direla. Horrenbestez, ezinbestekoa iruditzen zaie zergatik eta nola gertatzen diren ondo ulertzea, eta haien agerpena detekatzeko sistemak ezartzea, etorkizuneko izurriei aurre hartzeko eta haien ondorioak leuntzeko.

Politikei buruzko bi analisi ere badaude. Batean, maila ekonomiko baxuko eta ertaineko herrialdeen egoera aztertu dute. Txertoen gabeziaren eta baldintzatzaile sozioekonomikoen eragina deskribatzeaz gain, herrialde horiek ikerketan eta garapenean egindako ekarpenak ere azaldu dituzte, hasi SARS-CoV-2aren genomaren sekuentziaziotik Hegoafrikar Errepublikan, non omicron aldaera identifikatu baitzuten, eta Covaxin txertoaren garapeneraino, Indian, bai injektatzekoa bai sudurretik hartzekoa, edo fluvoxamina botikaren saio klinikoak Brasilen, ikusteko COVID-19rako eraginkorra ote den.

Beste artikuluan, COVID-19ari aurre egiteko politiketan genero-ikuspegia aintzat hartu ote den aztertu dute. Baieztatu dute, gehienetan, ez dutela kontuan hartu, baina, egin duten kasuetan, onuragarria izan dela, gizarte osoarentzat. Horrenbestez, etorkizunean, gizarte-politiketan genero-ikuspegia txertatzeko beharra aldarrikatu dute, eta horretarako gomendioak eman dituzte. Adibidez, erabakiak hartzeko egituretan emakumeen lidergo aktiboari eta ahots politikoari lehentasuna ematea, emakumeen eskubideak defendatzen dituzten tokiko eragileak eta elkarteak barne, baita ezgaitasunak dituzten pertsonak ere.

Azkenik, lau arlotako ikerketen azterketak ere argitaratu ditu Science-k, sorta horren barruan: epidemiologia, immunologia eta immunopatologia; txertoak; eta hurrengo pandemiei aurre hartzeko ikerketa. Artikulu guztiak doan eskura daitezke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia