}

COVID-19aren aurkako lehen DNA-txertoa baimendu du Indiak

2021/09/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

covid-19aren-aurkako-lehen-dna-txertoa-baimendu-du
COVID-19aren aurkako lehen DNA-txertoa baimendu du Indiak Arg. ZyCoV-D

SARS-CoV-2 birusarekiko immunitatea sustatzeko DNA-kate zirkular batean oinarritzen den txerto bat baimendu berri du Indiak.  ZyCoV-D deitu diote, eta Indian bertan garatu dute. Orain arte baimendu diren txertoekin alderatuta, desberdina da: DNA-kate zirkularrak ditu oinarrian (plasmidoak), eta ez dago ziztatu beharrik, larruazalean ematen da.

Saio klinikoetan % 67ko eraginkortasuna lortu du sintomak garatzearekiko. Beraz, beste txertoek baino eraginkortasun txikiagoa du, baina garatzaileek (Zydus Cadila konpainia farmazeutikoek) ohartarazi dute Delta aldaerarekiko probatu dutela, eta bete txertoek ematen dituzten ehunekoak birusaren lehen aldaerarekiko lortutakoak direla, eta ez direla hain eraginkorrak deltarekiko.

Edozein modutan, esanguratsutzat jo dute DNA-txerto batek baimena lortu izana, beste gaixotasun batzuetarako ere baliagarriak izan baitaitezke DNA-txertoak.

ZyCoV-D txertoak birusaren S proteina kodetzen duten plasmidoak ditu, geneak aktibatzeko ardura duen sekuentzia batekin batera. mRNA-kateak ez bezala, DNA-kateak zelularen nukleora sartu behar dute, beren funtzioa egiteko, hau da, S proteinak ekoizteko.

Zelulara errazago iristeko, larruazalean ematen da, presioz, orratz batez ziztatu beharrean. Izan ere, larruazalaren azpiko geruza aberatsa da partikula arrotzak harrapatzen duten zelula immunitarioetan, eta, beraz, horrela errazago barneratzen da DNA, muskuluan sartuta baino.

Beste herrialde batzuetan ere ari dira COVID-19aren DNA-txertoen saio klinikoak egiten, tartean, Hego Korean, Seulen eta Bangkoken. Indian, irailean espero dute hastea ematen beren txertoaren lehen dosiak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia