}

COVID-19a detektatzeko gai diren listu bidezko testak garatzen hasiak dira

2020/08/31 Gallego Moya, Juanma - Kazetaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

covid-19a-listu-bidezko-testak
Arg. Leopoldo Silva/Brasilgo Senatua

Kotoi-zotzen bidez jaso ohi dira gizakietan COVID-19a atzemateko beharrezkoak diren laginak, baina teknika horrek baditu hainbat desabantaila. Besteak beste, askotan pazientearentzat desatsegina izan daiteke prozesua, eta laginak hartzen ari diren osasun arloko langileek kontu handiz jardun behar dute, beren buruak ez kutsatzeko. Horregatik, ikertzaileak SARS-CoV-2 birusa modu azkar eta sinplean atzemateko tekniken garapena azkartzen hasiak dira.

Yaleko Unibertsitateko (AEB) zientzialariek pazientearen listu-lagin batetik analisia egin ahal izateko prozedura garatu dute. Kasu horretan, pazienteak ontzi batean tu egitea besterik ez du, sudurretik zotzik sartu behar izan gabe. Lagin horri K proteinasa izeneko entzima bat gehitzen diote, eta, ondoren, berotu egiten dute, birusaren RNA erauzi behar izan gabe.

Abuztuaren hasieran jarri zuten zientzia-komunitatearen eskura teknika azaltzen duen behin-behineko zientzia-artikulua, eta hilaren 15erako AEBetako Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak (FDA) onartua zuen prozedura, urgentziaz. Orain,The New England Journal of Medicine aldizkarian azaldu dute SalivaDirect izendatu duten teknikaren erabilpena.

70 pazienterekin egin dute ikerketa. Ohiko prozedura jarraituta, horiei guztiei kotoi-zotz bidez faringetik laginak hartuak zizkieten ospitalera sartzean, baina ondoren ikertzaileek listu-lagin berriak hartu dizkiete. Teknika berria erabilita, listu bidezko lagin horietan jatorrizkoetan baino SARS-CoV-2 birusaren RNA gehiago aurkitu dute, eta tarte luzeagoan mantendu dira analisietarako erabilgarri. Hortaz, ikertzaileek diote listu bidez hartutako laginek gutxienenez faringetik hartutakoen balio berdina dutela. Asintomatiko ziren osasun arloko 495 langilerekin ere egin dute proba, eta 13 kasutan listuan birusa detektatzeko moduan egon dira. Laborategian egindako ondorengo analisiek infekzio horiek baieztatu dituzte.

Argitu beharra dago laginak hartzeko eta RNA lortzeko prozesuak direla arintzen direnak. Izan ere, kasu bietan beharrezkoa da ondorengo prozesatzea laborategian, benetan birusaren RNA ote dagoen argitze aldera polimerasaren kate-erreakzioa baliatzen duten PCR test ospetsuak eginez.

Yaleko Unibertsitatearena ez da, noski, gaitzaren detekzio azkarra helburu duen garapen bakarra. Adibidez, Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko ikertzaileek osasun sistematik kanpo erraz erabiltzeko moduko test azkar bat garatu dute. Kasu honetan ere, probak listua erabiltzen du, baina birusaren RNA jomugan izan beharrean, gaitzari aurre egiteko immunitate-sistemak sortzen dituen bi antigorputz detektatzen ditu. 12 minututan prest omen dagoen tira erreaktibo batean ikus daitezke emaitzak, eta, atzemandako antigorputzaren arabera, ondorioztatu daiteke lagun batek birusa ote duen edota gaitza gainditu eta epe luzerako immunitatea garatu ote duen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia