}

COVID-19 larriaren mekanismoa argitu dute

2021/09/15 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

covid-19-larriaren-mekanismoa-argitu-dute
Gaixotasun autoimmuneen antzera, autoantigorputzak sortzen dituzte COVID-19 larria garatzen duten pazienteek. Arg. Flickr

SARS-CoV-2aren infekzioaren aurrean, organismoak birusaren aurkako antigorputzak sortzen ditu. Baina, ikerketa batek argitu duenez, COVID-19 larria garatu eta ospitalean amaitzen duten pazienteek, antigorputzez gain, autoantigorputzak ere sortzen dituzte, eta hori da COVID-19 larria garatzearen arrazoia. Izan ere, gaixotasun autoimmuneetan bezala, autoantigorputz horiek birusari aurre egiten dioten antigorputzen aurka jotzen dute eta blokeatu egiten dituzte. Hala, ezin diote infekzioari aurre egin, eta birusak gero eta gehiago hedatzen dira gorputzean.

Stanfordeko Unibertsitatean egin dute ikerketa, eta ohartarazi dute autoantigorputz hauek, COVID-19 larria garatzeaz gain, pazienteek etorkizunean benetako gaixotasun autoimmune bat garatzea ere eragin dezaketela. Hau da, sendatuta ere, ondorioak izan ditzake gerora. Oraindik ez dute horren ziurtasun osoa ikertzaileek; lehenik, argitu beharko dute zenbat denboraz mantentzen diren autoantigorputzak organismoan.

Erantzun inflamatorio handia

Autoantigorputzez gain, zitokinen aurkako antigorputzak ere neurtu dituzte pazienteetan. Immunitate-zelulek jariatutako proteinak dira zitokinak, zelulak haien artean komunikatu eta infekzioari aurre egiteko estrategia koordinatzeko erabiltzen dituztenak. Ospitalizatuta egon diren pazienteen % 60k zitokinen aurkako antigorputzak ere garatu ditu, eta ikertzaileek uste dute infekzio luzeak eragindako immunitate-sistemaren gainkargaren ondorio izan daitekeela. Antigorputz horiek zitokinak blokeatzen dituztenez, zitokinek ezin dituzte immunitate-zelulak aktibatu, eta horrek organismoan gehiago zabaltzeko aukera emango dio birusari.

Ikertzaileek beste aukera bat ere hartu dute aintzat: infekzioa luzatzen den heinean, immunitate-sistemak birusaren partikula gehiago ikustea, ez bakarrik hasierako S proteina. Giza proteinen antza izango balu partikula biral horietakoren batek, hori izan liteke autoantigorputzak sortzeko beste aukera bat. Nature Communications aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Ikertzaileek adierazi dute txertoa hartzearen aldeko argudio bat gehiago dela hau guztia. Izan ere, COVID-19aren aurkako txertoek birusaren proteina bakarra dute, eta, hortaz, infekzio arrunt batean baino aukera gutxiago dago immunitate-sistema beste partikula biralekin nahastu eta autoantigorputzak sortzeko. Dagoeneko, ikerketa batek frogatu du Pfizerren txertoa hartu dutenek ez dutela autoantigorputzik garatzen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia