Bizkaiko azken betizuak
1988/02/01 Otaolaurretxi, Jon | Oilarra, A. Iturria: Elhuyar aldizkaria
A.R.- Betizua, behi-arraza bat da. Izenak dioenez behi izuak dira, basokoak, mendikoak. Lehen jendeak behi horiek basotik okeletarako hartzen zituen eta gainera herrietan jokoak egiten zituzten behi horiekin. Gaur eguneko toreaketa joko horietatik atera dela pentsatzen dut.
Zein ezaugarri dituzte betizuek beste behi-arrazekin konparatuz gero?A.R.- Behi hauek urte guztian basoan egoten dira; negu eta uda. Horregatik basora egokituta daude eta belarraz gain sasiak ere jaten dituzte; dena aprobetxatzen dute basoan. Ahuntzek eta betizuek edozer jaten dute mendian, baina mendirako betizuak hobeak dira, zeren ahuntzek gauza txarrak ere egiten dituzte; pinu-landareen puntak jan adibidez, eta betziuek ez. Beraz basoan edukitzeko hobeak dira betizuak. Dena den basora erabat egokituta daudelako, hobeak dira betizuak hezitako behiak baino.
Betizuak txikiagoak dira, eta ez dute besteek adina okela ematen. Txikiagoak eta kolorez gorriak dira betizuak, aspaldiko arraza pirenaikoa denez. Arraza pirenaikoa berezia da eta kanpoko beste arraza batzuekin ere nahastua izan da hobetzearren. Kolorez gorria da arraza hau eta buztan-gailur altukoa. Adarrak lira-formakoak dituzte eta karamelo-koloreko adarpuntak. Mutur eta azkazal gorrikoa da. Errapean ileak edukitzen dituzte, aintzina-aintzinakoek bezalaxe. Muturluzeak dira.
Eta portaeraz?A.R.- Arratiako zekorra, txikerra baina gogorra euskal esaerak erantzuten dio galdera horri. Basoan urte guztian dagoenez, umea ere mendian egiten du. Orduan esne gehiago edukitzen du betizuak. Gero udazkenean txahalak txakurrez (zezentxakurrez) hartu eta etxean gizendu edo kendu egiten dira hiltegira eramanda.
Zuk ere udazkenean txahalak kentzen al dituzu?A.R.- Nik ez. Nik txahalak urte guztian mendian edukitzen ditut. Neguan txahalak hartu eta betizuengandik aparte ipintzen ditut, urtero txahalak egin ditzaten. Osterantzean bi urtetik behin egiten dute umea.
Zuk mendian dituzun betizuak arraza garbikoak ala nahasiak dira?A.R.- Mendiko betizu asko, nahastuta dago beste arrazekin. Ni garbienak, nahastugabeak, hartzen saiatu naiz, baina horrelako asko ez dago. Nik lau dauzkat arrazaz garbi-garbiak eta beste zortzi zertxobait nahasiak. Batek adibidez, lira itxurako adarrak ditu, baina puntak atzerantz okertuak, eta ez alborantz garbiek bezala. Beste batek alborantz ditu adarpuntak, baina zabalegiak.
Beste batek muturra ez du hain gorria, etab. Dena dela morfologikoki garbi-garbiak lau baditut; Fenotipoz garbiak alegia. Genotipoz zer diren ordea, oraindino ez dakigu. Txahalak irteten direnean ikusiko dugu. Bat beltza ateratzen bada adibidez, betizuaren genotipoa ez da arraza pirenaikoari dagokiona.
Mendian libre daudenak arrazaz garbiak al dira?A.R.- Ez, ez. Jendeak beti ekonomiari begiratu dio. Sorian adibidez behi handiago eta gogorragoak, etekin hobea ematen dutenak daudela jendeak entzuten badu, handik ekartzen dute ganadua bertakoa kenduz. Horregatik daude mendian okelatarako hobetutako behi pirenaiko heziak. Hemengo mendietan adibidez, betizuak batetik eta behi pirenaiko nahasi eta heziak bestetik daude.
Mendian libre daudenez, arraza berez nahasteko ere erraztasun handia egongo dela pentsatzen dugu.A.R.- Orain hori nahikoa kontrolatua dago. Nik neure betizuak hesitako lurraldean dauzkat eta besteek taldeka edukitzen dute beren ganadua mendian. Taldeak hamabosten bat hezitako behi edukitzen du bere zezenarekin. Talde horietako zezenak arrazaz pirenaikoak direnez, talde bateko zezena bestera joateak ez dio axola handirik. Gainera jendea astean behin edo basora joaten da bere taldeaz arduratzera. Talde horiek dena den, hezitako behiez osatuak daude eta horiek maneiatzea oso erraza da.
Betizuak kontrolatzea zailagoa izango da, noski.A.R.- Bai. Gaitzagoa da. Horregatik dauzkat nik hesi barruan. Kanpoan uzten badituzu, ez dituzu inoiz ere ikusiko. Ezta egun guztian basoan beren ondoren ibilita ere. Berrehun metrora zaudenean entzuten edo usaintzen bazaituzte, akabo. Izkutatu egiten dira. Usaimen fina dute.
Eta zergatik dute hain entzumen eta usaimen ona?A.R.- Bueno. Hori beren defentsa da. Larrialditan beren irtenbidea ihes egitea da. Etsaia etortzen bada, urrundu egiten dira. Etsaia datorrela jakiteko ordea, zarata entzun egin behar dute. Zarata ordea gauza askok sor dezake eta horregatik usainaren bidez identifika dezakete etsaia. Horregatik dute usaimena hain garrantzitsua.
Gaur egun ordea, hartz edo otsorik ez dute mendian. Orain beraz, zein dute etsaia?A.R.- Orain beste etsai batzuk daude. Gizakia adibidez. Berentzat gizakia etsaia da. Beren senean gizon baten aurrean ihes egiteko joera dute, baina leku itxi batean ihes egiterik ez badute, suharrek gizakiari aurre egiten diote. Leku zabalean badaude, ihes egiten dute eta leku itxian defenditu egiten dira. Zerekin? Ba, adarrekin.
Eta betizu asko al dago Euskal Herrian?A.R.- Ez, ez. Batzuk Goizueta aldean, Nafarroan, eta beste batzuk Lapurdin. Goizuetakoak gainera ez dakigu zenbateraino nahastuak dauden. Lehen asko ziren: Gipuzkoa, Bizkaia, etab. Hemen bertan Dima aldean, duela lau urte berrehunen bat baziren. Denak garbiak ez, noski. Ni garbienak jasotzen saiatu naiz. Morfologikoki garbienak eta gainera portaeraz suharrenak.
Zuk batzuk hartu ez bazenitu, betizuak hemen galduko al ziren?A.R.- Bai. Nik hemen batzuk gordetzeko hartu ez banitu, akabo. Horregatik erosi nituen hain zuzen. Pintatzaileen koadroek adibidez beren lekuan zintzilikatuta egon behar duten bezalaxe, betizuek mendian egon behar dute. Nik neureak mendiak dauzkat.
Eta nola eskuratu zenituen?A.R.- Hemengo baserritar batek berrogei betizu zituen, Ereño-ko beste batek ere bazituen, beste baserritar lagun batek (Jose Antoniok) ere bai, etab. Ni Dimara bizitzera etorri nintzenean, hemengo mendietan betizuak zeudela jakin nuen eta ikustera joaten ginen. Baina Diputazioa sanitate-kanpaina egiten hasi zen. Hori urtero egin behar da eta horretarako gutxienez urtean behin ganadua bildu, txertoak ipini, tuberkulosis, bruzelosis etab. aztertu egiten dira.
Beraz urtero zezentxakurrak, eskopetak etab. hartu eta urtero mendira joan behar betizuak biltzera eta txertatzera. Hori oso zaila da. Mendian betizu bat harrapatzea gaitza da. Ez dakizu zein zaila den hori. Gainera berrogei badituzu, atera kontu. Baserritar bati harrapatzerakoan hiru betizu hil egin zitzaizkion. Nik batzuk erosi nituenean era bi hil zitzaizkidan basoan harrapatzerakoan. Zezentxakurrekin borrokan egiten dute, errekara sartu, adarkatu; zein zaila izaten da lan hori! Gero agian betizua errepidera ateratzen da, errepidea itxi egin behar, ... zer eskandalu izaten da hori!.
Kortak ere egiten dira mendian. Diputazioa ere ibili zen mendian kortak egitekotan, baina urte baten kortak egin eta hurrengo urterako apurtuta egoten dira. Benetan zaila da betizuak eskueran edukitzea.
Horiek horrela, baserritarrek zer egin zuten?A.R.- Baserritarrek urte batean betizuak txertatu eta berehala hiltegira eramaten hasi ziren. Orduan kezkatu nintzen ni. Hori ezinezkoa da pentsatu nuen. Ez dakit zertarako, baina batzuk behintzat gorde egin behar dira. Beraz baserritarrak betizuak biltzera joaten zirenean, ni ere beraiekin nintzen eta gustokoen batzuk erosi egin nituen. Ondo kostatu zitzaizkidan, baina hamabi betizu eta zekor bat neureganatu nituen. Beste betizu guztiak galdu ziren. Artzai batek bakarrik ditu hemen betizuak mendian, baina kanpotik ekarritako beste kasta batekoak dira; ez dira hemen bertakoak.
Zuk zeure ganadutegian behi gutxi duzu. Ez al duzu gero odolkidetasun-arazorik izango?A.R.- Bai. Odolkidetasuna gauza txarra ala ona izan daiteke. Arraza guztiak (limusina, txarolesa, etab.) horrela sortu dira; odolkidetasunaz. Izan ere odolkidetasunaz dena transmiti daiteke: gauza txarrak (gaisotasun bat adibidez) ala gauza onak (suhartasuna adibidez). Jakina, behiek genotipoan argaltasunaren ezaugarria badute, odolkidetasunaz urtetan zehar gero eta zekor argalagoak aterako zaizkigu.
Baina betizua suharra bada eta ume suharrak baditu, ume arra ama suharrarekin nahastuta ondorengo suharragoak aterako dira. Beraz, odolkidetasunaz kontu hori eduki behar da; nahi ditugun ezaugarri positiboak bakarrik transmititzekoa.
Jakina, odolkidetasunik ez baduzu, ardura hori eduki beharrik ez duzu, baina odolkidetasunaz zekor hobea ateratzeko aukera badago.
Baina horretarako aukera genetiko txikia dago, eta bati gaitz bat sartzen bazaio denak kutsatzeko arriskua dago.A.R.- Bai. Gaitza bide batetik badator, bide hori kendu egin behar da. Nire betizu batek ume txarra egiten badu, hori kendu eta besteekin jarriatu beharko da. Gauza gaizki atera daiteke, baina ez derrigorrez.
Honelako negozien kostuak handiak izango dira. Zuk inolako diru-laguntzarik ba al duzu?A.R.- Bai. Diru asko kostatzen da honelako gauza bat. Lehenengo urteetan gehiago gainera, zezen suharrak ateratzen ez badira ezin dituzu zezenplazara eraman. Nik zezenplazara zezen onak bidali nahi nituzke, eta lehenengo urteetan begira aritzen zara asko aukeratuz. Betizuak oso garestiak ez dira berez, baina instalazioak bai. Beste edozein ganaduk baino hesi sendoagoak behar dituzte. Izan ere kanpora ateratzen bazaizkizu, ekartzea ez da txantxa. Larreak alokatu egin behar dira, kamioiratzeko instalazioak egin behar dira, zezenketarako (tentatzeko) plazatxoa ere bai, korta bereziak zezenen bat aparte edukitzeko. Beraz betizuak, instalazioak eta lurrak batuta, kostuak handiak dira. Suhartasuna berez da garestia.
Jakina. Ni aritu naiz subentzioen bila, baina orain arte dena nik ipini dut. Kotxe berria erosi ala hau erosi, etxebizitza erosi hala hau erosi, tabernara joan ala behiak zaintzera mendira joan, nik aukera hau egin dut. Diputazioan ibili naiz subentzio bila, baina dirulaguntzak produkzioko ganadutegientzat bakarrik daudela esan didate. Izan ere hemen askok ez dakite zezen suharra zer den. Batzuk bai, badakite, eta ondo gainera. Baina politikan dagoen zenbaitek ez. Zezen suharrak aipatu eta zera esaten dizute: Andalusiako gauzak, ez?
A.R.- Bai. Gainera Jesus Altuna-rekin hizketan egon nintzen eta hark ere zera zioen: Hori gorde egin behar da. Hori ezin daiteke galdu. Gutxienez erreserba bat eduki behar da. Okela produzitzeko balio ez badu ere, hori kultura da. Gure ondorengoek jakin egin behar dute hemen ahuntzak, betizuak, pottokak, baserriak, etab. egon direla eta daudela. Gainera betizuena erreserba genetikoa ere bada, eta ez dakigu hemendik berrogei urtera hori produkziorako baliagarria izango den ala ez.
Ezaugarri genetiko batzuk galtzen badira (klimarekiko erresistentzia, elikadura pobreaz irautea etab.), gero horien premia egon daiteke. Diputazioak abididez zezenen hazia hartu eta hoztuta kontserbatu behar luke. Gauza horiek ez dago galtzerik. Galdu eta gero bila ibiltzea tristea da. Diputazioak edo Eusko Jaurlaritzak zerbait egin behar lukete. Ni joaten naiz eta oso ongi iruditzen zaie, baina hortik aurrera ez dago ezer.
Eta arazo guzti horietan satisfazio pertsonalik izaten al duzu?A.R.- Bai, asko. Satisfazio gabe hainbeste diru gastatzea,... Satisfazio morala batez ere. Neure izakera horrelakoa da, neure ilusioa. Besteek gordetzen ez duten gauza bat nik gordetzen dut. Lagun asko ere egin ditut betizuei esker. Pozik aritzen naiz honetan. Agian hemendik urte batzuetara zerbait onik aterako da; agian ez. Dena dela, ikerketa guztiek gutxienez gauza bat erakusten dute: deskuidaturik gabiltzala, besterik ezean. Orduan beste batek nere hankasartzeak ez ditu egingo.
Mila esker Andoni guztiagatik.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia