}

Biziaren lehen molekularen arrastoaren atzetik

2001/03/05 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Azken berrogeita hamar urteetan ahalegin aipagarriak egin dira biziaren onarri molekularra ulertzeko. Gaur egun, argi dago zein diren parte hartzen duten osagaiak. Oro har, nagusiak azido nukleikoak (ADNa eta ARNa) eta proteinak dira.

ADN molekulak proteinak egiteko informazioa kodetzen du. ADNa zelulen nukleoetan gordeta dago eta proteinak egiten dituzten organuluak, erribosomak, berriz, zitoplasman. Garraioa egiten duen bitartekaria ARN molekula da. Komunikabideetan azkenaldi honetan oihartzun handiena ADNaren inguruko ikerketak izan duen arren, zientzialariak harrituta daude ARN molekulari buruz ikasten ari direnarekin. Labur esanda, ARNari bitartekari izateko gaitasuna hutsa baino, erreakzio kimikoak katalizatzeko gaitasuna aurkitu zaio. Garrantzi handiko datua da, orain dela gutxi arte ahalmen hori proteinei soilik atxikitzen zitzaielako.

Katalizatzaileak ezinbestekoak dira, besteak beste molekulen kopiak egiteko. Horixe da, bada, biziaren definizio bat ikuspegi biokimikotik. ARNak lan hori egiteko ahalmena duenez, biziaren lehen molekula izan daitekeen susmoak asko indartu dira.

Erribosomak, proteinak egiten dituzten organuluak, proteinaz eta ARNaz osatuta daude. Proteinak egiteko aminoazidoak banaka eraman behar zaizkie erribosomei kateak osatzeko. Eginkizun hori ere ARN mota baten ardura da, ARN transferentziazkoarena (tARN), alegia. tARNaren egituran bi gune garrantzitsu daude, hots, aminoazidoa lotzen duena eta erribosomaren ARNarekin lotzen den "minihelizea".

Koji Tamura eta Paul Schimmel biokimikariek bakarrik bi gune horiek dituen tARN molekularen ordezko bat sintetizatu dute eta erribosomaren ordezko beste molekula batekin (puromizina) elkartu dute, proteina-kateak egiteko ahalmenik ba ote duen aztertzeko asmotan. Erantzuna baiezkoa izan da, hau da, aminoazidoak elkar ditzake nahaste horrek, baina baldintza batekin. Ingurunean imidazol-molekulak egon behar dute horretan laguntzeko.

Zientzialariek badute imidazola biziaren lehen urratsetan ere bazela pentsatzeko arrazoirik, baina guztiz baieztatzeko aukerarik ez dago. Aminoazidoak lotzeko bide asko dago, baina ARNaren katalisiak bizia garatzeko abantaila ugari eskaintzen ditu. Horietako garrantzitsuenetako bat lotura selektiboak egin ditzakeela da, tARNaren minihelizearen loturaren bitartekoa, alegia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia