}

Birsortutako begien transplantea igeletan

2002/01/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Organo-transplantean, hartzailearen gorputzak organo berria arroztzat hartzeko eta errefusatzeko arriskua da arazo nagusia. Horregatik, organoak birsortzeko zelula amekin egindako ikerketek itxaropena piztu dute.

Zelula amak lortzeko giza enbrioiak erabiltzeak eztabaida etikoa eragin badu ere, animaliekin egindako ikerketen emaitzek kontutan hartzeko modukoak direla erakusten dute.

Orain, Tokioko Unibertsitateko Makoto Asashima biologoak zuzendutako taldeak bide horretan emandako pauso arrakastatsu baten berri eman du. Hain zuzen ere, lehenengo aldiz begi-globoa birsortzea lortu dute. Horretarako igel-enbrioitik zelula amak erauzi eta inguru berezian ugalarazi zituzten. Ondoren, jaio aurretik ezkerreko begia galarazi zitzaien zapaburu batzuei, eta begi haien ordez birsortutakoak transplantatu zitzaizkien.

Transplantea egin eta astebete geroago, nerbio optikoa behar bezala konektatzeaz gain, zapaburuek errefusaren sintomarik ez dutela agertu adierazi dute ikertzaileek. Gainera, gizakietan eta igeletan ikusmenaren organoak antzekoak direnez, teknika hori etorkizunean pertsona itsuentzat irtenbide baliotsua izan daitekeela diote.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia